GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK GREBAN

ELAk salatu du ezin dela gizarte politiketan hobekuntzarik egon prekaritatea ezabatuko duen hitzarmenik gabe

ELAk salatu du ezin dela gizarte politiketan hobekuntzarik egon prekaritatea ezabatuko duen hitzarmenik gabe
297 greba egunean, Gipuzkoako erresidentzietako langileek bat egin dute Gipuzkoako Senideak elkarteak Tabakaleran (Donostia) deitutako elkarretaratzearekin. Bertan Aldundiari gogorarazi diote gizarte politikak eta zaintza sistema hobetzeko lehenik eta behin sektorearen baldintza eskasak hobetu behar direla.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako grebalariek Gipuzkoako Senideak kolektiboak Tabakaleran (Donostia) antolatutako elkarretaratzean parte hartu dute. Hain zuzen ere, toki hori aukeratu dute Foru Aldundiak gizarte politikak eta zaintzen kalitatea hobetzeko agentzia berria aurkeztu duelako bertan. Grebalariek adierazi dute ezin dela zaintzen kalitatea hobetzeaz hitz egin zaintzaz arduratzen diren langileek lan baldintza eskasak dituztenean. Gogoratu behar da zerbitzua Aldundiak finantzatzen duela % 90ean. "Lan-baldintzak dira zerbitzuaren kalitatearen aldagai garrantzitsuena, eta, beraz, gizarte politiken hobekuntza ezinezkoa da prekaritatea ezabatuko duen hitzarmenik lortzen ez bada", adierazi dute.

Gauzak horrela, ELAk Foru Aldundiari eskatu dio bere gain har dezala gatazkan duen erantzukizuna eta jardun dezala prekaritatea eta genero arrakala ezabatuko duen akordio bat lortzeko. Hala eskatu zion joan den ekainaren 18an Batzar Nagusietako Zaintza eta Gizarte Politiken Batzordean.

300 greba egun beteko dituzte laster. Negoziazio mahaia blokeatuta dago ekainetik, patronalak ez duelako proposamen berririk egiten. Guztira, Gipuzkoako zortzi egoitza daude greba mugagabean; Errenteriako Jesusen Bihotza eta Sanmarkosene; Zumaiako San Juan; Zumarragako Argixao; Ordiziako San Jose eta Villa Sacramento; eta Donostiako Txara I eta La Paz. Guztira, 600 langile baino gehiago dira.

ELAk deitoratu du egoiliarrek nahikoa arreta ordu ez jasotzea, besteak beste, langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituztelako eta ezin dietelako behar bezala erantzun dauden gehiegizko lan kargei. Hala, grebalarien eskari nagusietako bat da % 100eko kontratuak izatea eta soldata arrakala ezabatzea.

Sindikatuak salatu du enplegua gero eta prekarioagoa dela enpresa pribatuen etekinen mesedetan.