ELAk haurreskolak unibertsalak eta doakoak izateko proposamena luzatu du

Azken hiru urteetan Haurreskolak Partzuergoan matrikulazioek jaitsiera nabarmena izan dutela salatu du ELAk.
ELAren ustez horretan zeresan nabarmena du azken urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak 0-2 urteko haurren hezkuntzarako garatzen duen politikak eta politika hauen eta krisiaren ondorioz beraien seme-alabak haurreskoletan matrikulazioa ezinezko izatea geroz eta familia gehiagori.
Gure hezkuntza-sistemak hutsune handia dauka 0 eta 2 urteko tartean, eta murrizketek areagotu egin dute egoera. Gure herrian, oraindik ez dago bermatua 0-2 urte arteko haurren heziketa, eta unibertsala eta doakoa izatetik oso urruti dago. Baliabide gutxi bideratzen da adin-tarte horretako hezkuntzarako, eta ez dira inondik ere nahikoa jendarte osoaren beharrei aurre egiteko eta benetako hezkuntza-proiektu bat garatzeko. Azkenaldian, besteak beste haurreskolak itxi dira, lanpostuak galdu , ordezkapenak gutxitu, lan-kargak handitu eta soldatetan ere murrizketak eta izozteak inposatu dituzte.
ELAk ez du inolako murrizketarik onartzen. Are gutxiago, matrikulazio arazorik ez duten haurreskolak ixtea eta behar nabariak dauden arren lanpostuak murriztea.
Badaude alternatibak borondate politikorik badago eta 0-2 hezkuntzak, esan bezala, ez du inolako murrizketarik behar, guztiz bestela inbertsio askoz handiagoa, haurreskola gehiago, langile gehiago, lan baldintza hobeak eta baliabide gehiago behar ditu. Hori da, behin eta berriro, ELAk eskatzen duena eta eskaera horretan jarraituko du.
Modu zehatzagoan, haurreskolak zerbitzu publiko diren heinean, benetan unibertsal eta doakoak izan daitezen eta matrikulazioaren beherakada honi aurre egiteko, zera proposatzen du ELAk:
Familiek ordaintzen dituzten kuotak berraztertzea eta familien diru sarrerekin bat etortzen den sistema egokiagoa aztertzea:
Errenta <28.960€ | Errenta 28.960€-41.850€ | Errenta >41.850 | |
---|---|---|---|
2014 | Doan | Egungo kuotaren %50 | Egungo kuotaren %75 |
2015 | Doan | Doan | Egungo kuotaren %50 |
2016 | Doan | Doan | Doan |
Kuota bidezko diru sarrerak urteko 12 miloi € inguru suposatzen dute. AHT-ren kilometro baten kostua 26 miloi €koa da aldiz. Hau da, AHT-n gastatzen den kilometro erdi baten inbertsioa haurreskoletan inbertituko balitz, hauek doan izango lirateke. Beraz ELAren ustez arazo ez da diru falta, borondate politikorik eza baizik.