2007-2008 koordinatzaile plusa kobratzeko
Dakizuen moduan, hitzarmenean horrela jasota egon arren, Haurreskolak Partzuergoak 2007-2008 bitarteko koordinatzaile plusak ez ordaintzeko erabakia hartu zuen bere garaian. ELAtik gogor salatu genuen erabaki hau eta zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean gatazka kolektiboa sartu genuen, epaitegietan koordinatzaile plusa 2007 urtetik ordaindu behar zela erreklamatuz. Argi dago plusa soldataren zati bat dela eta ondorioz, hitzarmenean jasotzen den moduan eta gainerako soldata bezalaxe, 2007ko urtarrilerainoko atzera eraginkortasuna izan behar duela.
Lehen instantzian epaia langileon aldeko izan arren, Partzuergoak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Uztailean ordea, Auzitegi Gorenaren behin-betiko epaia iritsi zitzaigun Partzuergoaren errekurtsoa bertan behera utziz eta ELAk aurkezturiko gatazka kolektiboari arrazoi emanez. Bidea gogorra izan den arren, bakarrik egin behar izan dugun arren eta gainerako sindikatuek oztopoak jarri besterik egin ez badute ere, azkenean arrazoia eman digute eta gure eskubideak aitortu.
Orain ordea, Haurreskolak Partzuergoak badirudi ez duela inolako asmorik epaitegiek onartu dizkiguten eskubideak bete arazteko. Eta hau honela, berriro ere epaitegietara jotzea eta bertan norbanako erreklamazioak aurkeztea beste biderik ez digu uzten. Beraz, 2007-2008 urteetan koordinatzaile moduan aritu zareten hezitzaileak, dagokizuen eskubide hau bete eta urte hauetako koordinatzaile plusa kobratu nahi baduzue, norbanako erreklamazioa aurkeztu beharko duzue. Hau aurrera eramateko eman beharreko pausoak argitzeko jar zaitezte gurekin harremanetan.
ELAk bere eskubideak defendatzeko bide hau jarraitu nahi duten afiliatu guztiei bere laguntza eta babes guztia eskainiko die eta gure zerbitzu juridikoak beraien esku jarri. Honetarako, gurekin harremanetan jarri edo zuen haurreskolara gerturatzen diren ELAren ordezkariei informazioa eskatu eta ondorengo dokumentazioa entregatu:
-
NAN-aren kopia bat
.
-
2007 urtarrila eta 2008ko iraila bitartean koordinatzaile izan zaretenaren ziurtagiria (ez baduzue Partzuergoari eskatu).
-
ELAren zerbitzu juridikoak epaitegietan zuen izenean aritzeko baimen sinatua (guk eskainiko dizuegu eredua).
Gure hitzarmena eta eskubideak urratzeko saiakera berri honen aurrean, beste behin ere gure desadostasuna, haserrea eta zapaltzen ez uzteko gure borondatea agertu beharrean gaude. Ezin diogu Partzuergoari Haurreskolen proiektuaren bikaintasuna gizarteari saltzen utzi gure eskubideak urratu, lan-baldintzak okertu eta, ondorioz, zerbitzu publikoaren kalitatea kaltetzen duen bitartean.
Guztion artean lor dezakegu!