GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK (EAE)

“Patronalek eta eskolek hitzartutakoa bete behar dute”

2024/05/16
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ehundik gora ordezkarik greba amaierako akordioa betetzea eta hitzarmenean txertatzea galdegin diote patronalei eta eskolei. Horretarako elkarretaratzea egin dute Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronal nagusiaren aurrean, Kristau Eskola.

Hamalau greba egun barneratu zituen greba eta mobilizazio dinamikaren ondorioz Greba amaierako akordioa sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten patronalen eta sindikatuen 100%ak. Otsailaren 5ean izan zen. Akordioa indarrean dago eta langileek akordioa bete dute. Horrela, sinatu zen egunetik greba bertan behera utzi zuten.

Akordioa sinatu eta hiru hilabetera patronalak eta eskolak ordea ez dira akordioa betetzen ari. Sindikatuekin izandako bileretan, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzeko eta akordioa adostutako terminoetan ez betetzeko asmoak utzi dituzte agerian.

Hurrengo mahaia maiatzaren 29rako dago lotuta. Mahai honi begira ordezkariek ondorengo eskaerak luzatu dizkiete bertako patronalei:

  • Greba amaierako akordioa adostutako baldintzetan aplikatzeko.
  • Adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak behin betiko gisa onartzeko; jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpekotasunari lotu gabe.
  • 2024rako adostutako igoeren araberako ordainketak egiten hasteko data bat finkatzeko.
  • Adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzeko.
  • Enpleguan birkokapen araudia hitzarmenean txertatzeko eta kalte ordainak eta antzinatasuna aitortzeko araubide berria bermatzeko.
  • Irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmenaren artikulatuan jasotzeko.
  • Akordioan jasotako edukiak Lan Hitzarmen berrian adostutako baldintzetan txertatuko dituen erredakzio oso bat ekartzeko.

Patronalek akordioa betetzeko oztopoak eta atzerapenak planteatzen jarraituz gero, mobilizazioen bidea zein bide juridikoa aktibatu beste aukerarik ez dute izango gaurkoan elkarretaratu diren ordezkariek eta hauek ordezkatzen dituzten 9.000 langilek. Horrela, otsailaren 22an eskoletan langileei elkarretaratzeak egiteko dei egin diete.