“Patronalek Itunpeko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako hitzarmena betetzea exijitzen dugu”

Hona hemen irakurri duten agiria
Sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei exijitzen diete berehala aplika dezatela EAEko hitzarmena bere osotasunean eta negoziazioari berrekin diezaiotela inolako murrizketarik gabe eta lan-erreformaren aurrean beharrezko aplikazio bermeekin.
Itunpeko gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza dugun ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok oso positiboki baloratzen dugu EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalen aurka aurkezturiko gatazka kolektiboa dela eta. Patronalek EAEko hitzarmena aldebakarrez bertan behera utzi eta estatuko hitzarmena (VI Convenio Colectivo de Empresas de Enseñanza Privada sostenidas total o parcialmente con fondos públicos) aplikatzeko erabakiaren aurrean epaiak sindikatuoi ematen digu arrazoi eta legez kanpokotzat jotzen du patronalen jokabidea. Epaiak sindikatuok defendatu izan dugunari jarraituz, 2008-09 hitzarmenak uztailaren 8tik aurrera ere indarrean jarraitzen duela berresten du horrela jasotzen baitu hitzarmenaren 4. artikuluan: “...2009ko abenduaren 31 arteko iraupena edukiko du; aldi hori, hala ere, espresuki, behin-behingoz eta halabeharrez luzatuko da, 2010eko hitzarmena indarrean jarri artean”.
Auzitegiak arrazoia ematen die sindikatuok behin eta berriro azaldu ditugun argudioei. Hau dela eta, langileon aldarrikapenak indartu egiten dituela uste dugu eta abenduaren 3 eta 4rako arrazoiak sendotu eta garrantzia handitu.
Hori dela eta patronalei eskatzen diegu berehala alde batera utz dezatela Estatuko hitzarmena, EAEko hitzarmena bere osotasunean aplika dezatela eta hitzarmena berritzeko negoziazioari ekin diezaiotela inolako murrizketa planteamendurik gabe eta lan-erreformaren aurrean beharrezko aplikazio bermeekin.
Patronalak beraien inposaketak alde batera utzi eta inolako murrizketarik gabe hitzarmenaren berritzea negoziatzeko prest agertzen ez diren bitartean ez digute mobilizazioa beste biderik uzten.
Modu berean, beste behin ere Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu gatazka honetan duen ardurari hel diezaiola eta murrizketak politikak alde batera utzita gatazkari konponbidea emango dion irteera aurki dezala langileak sakrifikatu gabe eta hezkuntza sistemari eta lan-baldintzei egonkortasuna emanez.
Sindikatuok itunpeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langile guztiei dei berezia egiten diegu antolatu eta mobilizatzen jarrai dezaten, modu berezian datorren abenduaren 3 eta 4ean, bai patronalak baita Eusko Jaurlaritzak ere murrizketak alde batera utzi eta gure aldarrikapenak entzun ditzaten.
Ikus prentsaurrekoaren laburpen bideoa (Hamaika TV):