EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

“Unibertsitate publikoa desegiten eta pribatizatzen ari dira”

2024/04/17
ELAk Euskal Herriko Unibertsitatean duen arduradun Ane Bilbaok salatzen duenez, irakasle eta ikertzaileen egoera gero eta okerragoa da

Martxoaren 6a eta 12a greba egunak izan ziren Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko irakasle eta ikertzaileek unibertsitateak dituen arazo estrukturalak salatu zituzten, lan baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela azpimarratuz. Ane Bilbao ELAk EHUn duen arduraduna da, eta gatazka honen erroan dagoen arazoa finantzaketa falta dela salatzen du.

ELAk, Steilas eta LABekin batera, greba deitu zuen martxoaren 6an eta 12an Euskal Herriko Unibertsitatean. Zeintzuk izan ziren arrazoiak?

Hamaika arrazoi daude. Kurtso honetan emandako irakasle ordezkoen kontratuen prekarizazioa pizgarria izan da kolektiboa aktibatzeko, baino arrazoi anitz daude: langile guztien erosahalmena berreskuratzea, finkotu arteko karrera profesionaleko baldintzak duintzea edo lan zamaren jaitsiera aipatu genitzake, beste askoren artean, baina honen guztiaren erroa finantzaketa falta da. Unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea ezinbestekoa da, hori da oinarria.

Zein da egun EHUren egoera?

Azken hamar urteetan nabarmen erori da inbertsio publikoa. Euskal Autonomia Erkidegoan soilik Barne Produktu Gordinaren %0,4a bideratzen da unibertsitate publikora. Aurten kopuru horretara ere ez da helduko. Espainiar estatuan, adibidez, unibertsitate publikora bideratzen den kopurua BPGaren %0,8 da, Alemanian %1,02, Frantzian %1.04, Danimarkan %1,55… Finantziazio publikoaren portzentajea gero eta txikiagoa da, eta, bitartean, kanpo finantziazioa handituz doa. Egun, esaterako, kanpo finantziazioa %27,21ean kokatzen da.

Inbertsio falta honek eragin zuzena izan du langileen lan baldintzetan, eta murrizketak eman dira azken ikasturteetan; kalefakzioaren razionalizazioa, ikasgelen itxiera oporraldietan, irakasle-ikertzaile ordezkoen kontratazioaren politika murritzailea, erretiro akordioen aldebakarreko deuseztapena...

Langileen lan baldintzen prekarizazio honek ezinbestean unibertsitate publikoaren eta herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatean eragina du. Tamalez, gure etorkizuneko langileen ikaskuntza prozesua kaltetzen du.

Finantziazio faltaren atzean unibertsitate publikoa pribatizatzeko asmoa ikusten duzu?

Agerikoa da Eusko Jaurlaritzaren helburua ‘eredu publiko-pribatua’ deitzen duten hori sustatzea dela. Janseen farmazia konpainiarekin edo Repsolekin sinatu dituzten kolaborazio hitzarmenak adibide argiak dira. Kapital pribatutik urrun dagoen unibertsitate publikoa nahi dugu. Onartezina da kapitalak eta interes pribatuek pentsamendu askearen garapena baldintzatu nahi izatea.

Azken finean unibertsitate ereduaz mintzo gara. Unibertsitate publikoa desegiten eta pribatizatzen ari dira. Eta denok dakigu horren atzean dagoena. Hezkuntza eta unibertsitatea botere ekonomiko eta finantzieroaren menpe jarri nahi dituzte: Kapitalak behar dituen langileak trebatu, kapitalaren beharrei erantzuteko. Kapitalari interesatzen zaizkion esparruetako ikerketak sustatzen dira, eta langileak kapitalaren beharretara moldatzeko bideratuko dira. Aldiz, kapitalarentzat produktiboak ez diren ezagutzak gutxietsi eta baztertu egiten dira.

Oso urrun gaude langile klasearen emantzipazio prozesurako eta boteretzerako sortu nahi zen unibertsitate eredutik.

Irakasle eta ikertzaileen egoera bereziki larria da.

Lan baldintza duinak lortzeko prekaritate urte luzeak jasan behar dira. Langile horiek doi-doi gainditzen dute lehenengo urteetan gutxieneko soldata eta behin-behinekotasuna ohikoa bihurtu zaie, urte luzez irakasle jardun arren. Unibertsitatean irakasle agregatu gisa plaza bat egonkortzeko 18-20 urte inguru behar izaten dira. Horrek esan nahi du 43-45 urte izan arte irakasle batek ez duela bere lanpostua egonkortzen.

Emakumeen kasuan, genero arrakala are eta handiagoa izatea dakar horrek. Karrera profesionala, karrera diskriminatzailea da. Ama diren emakumeen kasuan egonkortze prozesua luzatu egiten da. Amatasun baimen tarte horiek karrera profesionalean ez ‘produzitzea’ eta aurrera ez egitea dakarte, edo epealdi horretan aktiboan egoteko erabakia hartzen dutenek presio gehigarri hori sufritzen dute. Emakume askoren osasun fisiko eta mentala arriskuan jartzen du sistema honek.

Egonkortzeko denbora luzatzeaz gain, diskriminazioak soldatan ere eragina badu. Ikertzaileek hainbat soldata osagarri dituzte, karreraprofesionalean zehar produzitzen dituzten merituen araberakoak. Osagarri hauek oinarrizko soldata duintzeko erabakigarriak dira, zoritxarrez. Baina, aipatu bezala, emakumeen kasuan, karrera profesionala luzatzen den kasuetan, osagarri horiek txikiagoak dira, gutxiago produzitzeko aukera duten heinean. EHUk berak emandako datuen arabera soldata arrakala %23,4koa da, kategoria berdina izanda ere.

Irakasle agregatu plaza egonkortzeko kasu askotan ia 20 urte behar badira, behin-behinekotasuna izugarria izango da…

Datuak ikusi besterik ez dago. Egun EHUn 2.359 irakasle ikertzaile finko daude. Behin-behineko irakasleak 2.148 dira, eta behin-behineko ikerlariak 1.387. Horrek esan nahi du behin-behinekotasun tasa

%60koa dela. Lan handia egiten ari gara muturreko prekaritatea bizi duten langile hauek antolatzen, eta lekukotzak izugarriak dira. Soldatak barregarriak dira, lan egonkortasunik ez dute, baliabiderik ez dute, ikasgaiak prestatzeko denborarik ez dute, ikasturte batean hamaika ikasgai eman behar dituzte…

Osasun mentalarekin lotutako gero eta arazo gehiago dago. Arrisku psikosozialei lotutako bajak handituz doaz, eta nekea, estresa eta frustrazioa handiak dira. Tamalez, geroz eta irakasle gazte gehiagok unibertsitatea uzteko erabakia hartzen dute lehenengo urteetako esperientzia ikusita.

Gainera sistema bera langileen arteko lehiakortasuna sustatzeko antolatuta dago. Unibertsitateko sistema gero eta lehiakorragoa eta atomizatuagoa da. Lehenagotik ere horrela zen, baina pandemiaren ostean gero eta nabarmenagoa da. Telelanaren garapena baliatu dute langileen arteko harreman pertsonalak gero eta txikiagoak izateko. Irakasleek elkarrekin jarduteko gero eta tarte gutxiago dute, kolektibo izaera apurtu eta jarrera indibidualistak sustatzea da helburua.

 

EHUri zigorra irakasle ikertzaileen soldata-diskriminazioarengatik

Auzitegi Gorenak (AG) berriro eman dio arrazoia ELAri, eta berretsi egin du beka publikoen bidez kontratatutako irakasle ikertzaileen soldata-diskriminazioarengatik EHU zigortzen zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia; irakasle horiek zuzenean kontratatutako langileek baino 7.000 euro gutxiago jasotzen zituzten urtean. ELAk auzitegietan salatu zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Ramón y Cajal eta Juan de la Cierva programen laguntza publikoekin kontratatutako doktoretza osteko irakasle/ikertzaileen kolektiboek jasaten zuten soldata-diskriminazioa. Sindikatuaren ustez, doktore ikertzaile guztiek –bai EHUk zuzenean kontratatutakoek, bai laguntza publiko baten bidez kontratatutakoek– soldata bera jaso behar dute, antzeko lanak egiten dituztelako.

Hala ere, beken bidez kontratatutako ikertzaileek 28.000 euroko soldata zuten urtean, eta unibertsitateak zuzenean kontratatutako ikertzaileek, berriz, 35.000 eurokoa. Auzitegi Gorenaren epaiak “ordainsari-berdintasunerako eskubidearen urraketa” ematen dela onartzen du, eta “tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza” exigitzen ditu. Epai horrek Eusko Jaurlaritzak eta Ramón y Cajal eta Juan de la Cierva estatu-programek finantzatutako ikertzaile doktoreen hobekuntzarako doktoretza ondoko programako (2019-2020 ikasturtea) laguntza publikoekin kontratatu ziren 75 pertsonarengan du eragina, eta soldata-desberdintasunak erreklamatzeko bidea ematen du.

Zoritxarrez, epai hau ezin zaie aplikatu 2022tik aurrerako programa horien bidez kontratatutako ikertzaileei. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren, EHUk, LABen, STEILASen eta CCOOren onarpenarekin eta sinadurarekin, hitzarmena aldatu egin zuen, kolektibo horren soldata tasatzeko, eta urteko soldata 3.800 jaitsi zuen, epaiak berak aitortzen zuena baino gutxiago.

Epai horrek agerian uzten du, berriro ere, EHUko zenbait kolektiboren diskriminazioa eta prekarizazioa. Premiazkoa da ikasturte honetan hainbat greba egin dituzten EHUko irakasle ikertzaileen lan-baldintzak negoziatzea, haien baldintzak duinak izan daitezen.