EAEko itunpekoak
Urtebete hitzarmenik gabe, greba amaierako akordioa sinatu zuten arren

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek salatu dute Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek eta sindikatuek 2024ko otsailaren 5etik 6rako goizaldean sinatutako greba amaierako akordioak aplikatu gabe jarraitzen duela. Hala adierazi dute Donostian, Kristau Eskolako patronalaren aurrean egindako elkarretaratzean. Sindikatuek ere idatzi bat erregistratu dute bere egoitzan, patronalei eskatzeko "azken urtean erakutsitako fede txarra eta utzikeria alde batera uztea eta greba amaitzeko akordioaren edukiak hitzarmenean jasotzea".
Akordioaren zati batzuk betetzen ari dira ikastetxe batzuetan, baina, hori bai, gai batzuetan bakarrik, beti ere, aplikatzeko moduei eta denborei buruzko adostasunik gabe. Patronalek auzitara jotzera behartu zituzten sindikatuak, sektoreko langileak itundutako soldata-igoerak kobratzen has zitezen. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia argia da. Greba amaitzeko akordioa indarrean dago, soldatak ordaindu behar dira eta akordioa bete behar da. Kontzeptu guztietan eta behar den moduan ez bada ere, ikastetxe askotan adostutako igoerak ordaintzen ari dira. Hala ere, patronal nagusiak, Kristau Eskolak, epaiaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki du.
Azken Negoziazio Mahaia urtarrilaren 10ean egin behar zen, baina patronalek bertan behera utzi zuten osasun arrazoiengatik. Otsailean gaude. Deialdia ez da iritsi sindikatuek berriro eskatu eta mobilizazio gehiago deitu dituzten arte. Atzo, otsailak 5, otsailaren 20rako deialdia bidali zuten.
Horregatik, sindikatuek eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen jarraituko dute hitzarmenaren edukiak betearazteko eta hitzarmenean jasotzeko.