60 urtetik gorakoei errektoretzat inposatu nahi dizkien murrizketa berrien aurka elkarretaratzea UPV/EHUn

2015/02/19
UPV/EHUko errektoretza taldeak 60 urtetik aurrerakoentzat lanaldi/irakaslan murrizketarako eskubidea bertan behera uztea erabaki du alde bakarrez. ELAk deituriko elkarretaratzean langileek argi adierazi dute inposizio berri honen kontra daudela eta UPV/EHUren txantaje saiakera arbuiatzen dutela

Eskubide hau 2010etik datorren akordio batean jasoa dago. Akordio haren eduki nagusia erretiro aurreratu pizgarriduna 60 urtetik aurrera hartu ahal izatea zen. Hori horrela, EHUk erretiro aurreratuko kalte-ordain edo prima bat emango zion langileari, baldin eta 60 urte betetzean lan egiteari uzten bazion. Akordioan apalagoak ziren beste eduki batzuk ere jasotzen ziren, besteak beste, irakaslana gutxitzea (IIP) edo eguneko lanaldia laburtzea (AZP), 60 urtetik aurrera.

Gero, oinarrizko legeria aplikatu behar izatearen aitzakiatan, eta aurrekontu-hornidura falta zela-eta, EHUk, hark berak sinatu zuen akordioaren eduki nagusia babestu beharrean, men egin zien Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arauteriei, eta bertan behera utzi zuen akordioa, borondatezko erretiroagatiko kalte-ordainei dagokienez.

Orain, Erretiroen Akordioa 2014ko abenduaren 31az geroztik  iraungitzat jotzen duela eta beste akordio bat sinatzera gonbidatu gaitu EHUk: 60 urtetik aurrera lanaldia/irakaslana murrizteko eskubidea mantentzearen truke 2010ko akordioak jasotzen zuen eduki nagusiari uko egiten dion akordio bat sinatzeko eskatzen digu errektoretza taldeak.

Eduki apalago horiek gordetzeko, murrizketak kontsolidatuko dituen akordio bat sinatzeko EHUren exijentzia, inposatu nahi dituen murrizketen gaineko abal sindikala lortzeko txantajea baino ez da.

ELAk ez du horrelakorik sinatuko eta errektoretza taldeak txantajea egin nahi izan badigu ere, ELAk deituriko gaurko elkarretaratzean argi geratu den moduan UPV/EHUko langileok ez gaude txantaje horretan erortzeko prest.