%65etik gorako jarraipena izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxetako grebak
ELA, STEILAS, CCOO eta LABen oharra:
Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarriz greba desitxuratzen saiatu den arren, ez du bere helburua lortu. Lan hitzarmenaren eguneratzearen alde aldez gauzatutako bederatzi greba egunekin gertatu den bezala, deialdi berri honek ere jarraipen zabala izan du, %65 ingurukoa, hain zuzen ere. Bilbon antolatutako manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere oso handia izan da; 5.000 behargin inguru bildu dira berriro ere 9.000 langile biltzen dituen kolektibo batean.
Gizarte Ekimeneko ikastetxetako 9.000 langiletik gora daude deituak urtarrilak 16tik 25era deitutako greba deialdira, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle. 10 urtez lan hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan balditzak berreskuratu eta horiek hobetzea da grebaren helburua. Esan beharra dago hobekuntza horiek gure ikastetxetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin positibo zuzena izango zutela, eta guztiz beharrezkoa dela hala izatea. Grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira, beraz.
Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalek mugitzera behartuta ikusi dute euren burua; momentuz egindako proposamenak, ordea, eskasa izaten jarraitzen du. Izan ere, orain urtebete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai gainean zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen, eta grebara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun dago oraindik. Hona hemen adibide batzuk: enpleguari dagokionez gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurririk eskaini gabe jarraitzen dute; irakasleen lan kargak arintzeko proposamena erabat eskasa da; soldaten inguruko planteamenduari dagokionez eroste-ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun dago; Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta hezkuntza laguntza espezialisten (feminizatuenak eta egoera prekarioenetan daudenak) lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dago aurrerapausorik; egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak ez dakar apenas hobekuntzarik lan baldintzatan, etab.
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela eskatzen diegu, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioa erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.
Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzatan parte hartzera.
Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak:
Enplegua:
Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.
Soldatak:
Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.
Lanaldia eta lan-kargak:
Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.
Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.
Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte.
Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
Urtarrilaren 17rako deitutrako mobilizazioak
Bizkaia
11:00etatik 11:30etara elkarretaratzeak
-
Bilbon: Deustun, San Pedro Enparantza; Santutxun, Karmelo Enparantzan; Jesuitas ikastetxe aurrean.
-
Barakaldon: Bide Onera Enparantzan.
-
Santurtzin: San Jorge Enparantzan.
Zornotza: La Patata errotondan.
Gipuzkoa
10:00etan kotxe karabana Donostitik (Garberatik aterako da)
12:00etan elkarretaratzea Irunen (Ensantxeko enparantzan)
Araba
11:00etan elkarretaratzea Gasteizko Egibide-Jesus Obrero ikastetxe aurrean (San Antón Enparantza)