Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako ordezkariek murrizketak berriak inposatu nahi izatea salatu dute

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek beste behin salatu dute murrizketen inposizio bidean, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako langileok ez direla salbuespena, eta hezkuntzako gainerako langileekin batera, zerbitzu publikoak desegiteko ahalegin zoro horren ondorioak pairatzen ari dira ere. Gaurko elkarretaratze eta prentsaurrekoan bereziki salatu dute EAEko Hezkuntza Saila eta patronalak (Kristau Eskola, Partaide, AICE, EIB....) murrizketen erantzule zuzenak direla. Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako langileak 2010eko udatik aurrera soldata jaitsiera jasaten ari dira. Horretaz gain, material prestakuntzarako, aniztasun trataerarako, proiektu ezberdinen garapenerako, eta errelebo kontratuak gauzatzeko, besteak beste, dirulaguntzetan murrizketak aplikatu dira.
Azken finean, langilen baldintzak eta hezkuntzaren kalitatea kaltetzen da ikasleak eta familiak ere egoera honen biktima bihurtuz.
Duela hiru hilabetetatik, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako patronala eta Hezkuntza Saila datozen lau urteetarako planifikazioa negoziatzen ari dira, eta irizpide berriak aplikatzearekin batera lanpostu suntsiketa justifikatu eta ezarri nahi izango dute. Gainera, langileei galerak baino ekarriko ez dien neurri sorta negoziatzen ari dira beren ordezkariei bizkarra emanez. Celaá andereak kontzertuak negoziatzeko jarri dituen irizpideen ondorioz Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako ikasgelak ikaslez gainezka izango dira, lanpostu asko desagerraraziz, eta ondorioz hezkuntza kalitatea kaltetuz.
Murrizketa hauek ezartzearen ondorioz urteetako borrokaz lortu eta hitzarmenetan jasotako oinarrizko lan baldintzak kaskartu egingo dira: gelatan ikasle kopurua gehitu, asteko jarduna luzatu, eskola orduak handitu, erretiro adina atzeratu eta baldintzak okertu, soldatak izoztu, enplegua suntsitu, hitzartutakoak bete ez...
ELA eta STEE-EILAS sindikatuek Hezkuntza Sailari eta patronalei zera eskatzen diete:
1. Atzera bota ditzatela orain arte aplikatutako neurriak eta murrizketak.
2. Datozen lau urteko planifikazioetan sindikatuek parte hartzeko aukera izatea.
3. Datozen lau urteko planifikazioetan ez dezatela enplegurik suntsitu
4. Langileon lan-baldintzak eta hezkuntzaren kalitatea ez dezatela erasotu.
Guzti hau dela eta, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako langile eta ordezkariei dei egiten diete martxoan burututako mobilizazioei jarraipena eman diezaieten. Modu berezian, datorren larunbatean maiatzaren 26ean Donostia eta Iruñean egingo diren manifestazioetan mobilizatuz eta maiatzaren 31ko elkarretaratze, protesta ekimen eta arratsaldeko 18:30etan hiriburuetan izango diren manifestazioetan aktiboki parte hartuz.