Larunbatean lau hiriburuetan kalejirak LOMCEri EZ esateko eta Euskal Herrian gure Hezkuntza nahi dugula aldarrikatzeko

2014/10/09
Datorren larunbatean, urriaren 11an, LOMCEri gure aurkakotasuna azaldu eta Euskal Herrian guk behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko manifa burutuko dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kalejira giro alai eta koloretsuan. ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Udako Euskal Unibertsitatea, Hik Hasi eta Hezkuntza Plataformen Topaguneak eginiko deialdiari bere atxikimendua eman diote jada EHIGE guraso elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Aurtengoa da LOMCEa indarrean dagoelarik lehen ikasturtea. Nafarroan hasieratik bere osotasunean inposatzen ari da Iribas Sailburua. EAEn aldiz aurre egiten ari denaren mezua luzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, baina praktikan pixkanaka-pixkana inposatzen ari da eta hezkuntza-erreformaren eraso larrieneni aurre egiteko inolako estrategiarik ez da garatzen ari.

Hau dela eta, ikasturte hasiera honetan LOMCEren aurrean gure aurkakotasuna adierazi, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ezarpenean atzera egiteko eskatu eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko compromiso argia dugula adierazteko beste behin ere kalera irtengo gara.

Hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari dei egiten diogu gure oraina eta gure etorkizunerako hain garrantzitsua den borroka honetan parte aktibo izatera eta lau hiriburuetan izango diren manifestazio kelejiretan parte hartzera.

  • Iruñea: 17:30tan Antoniuttitik.
  • Bilbo: 17:30etan Jesusen Bihotzetik.
  • Gasteiz: 18:00 Andre Mari Zuritik.
  • Donostia : 17:30etan Boulevardetik.