Akordioa bete eta eskola ordua murriztea eskatu du ELAk ikasturte hasierako ekitaldian

ELAko EAEko gizarte ekimeneko langileek elkarretaratzea egin dute Zornotzan, El Carmelo ikastetxean, Kristau Eskolen ikasturte hasierako ekitaldian. Bertan salatu dute ez dela ezarri 2025-2026 ikasturterako greba amaierako akordioan adostutako eskola orduaren murrizketa. Akordioa lehenbailehen betetzeko eskatu du ELAk, eta egoera ikusita, epaitegietan demanda aurkeztuko duela iragarri du.
Gizarte Ekimeneko ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute 25-26 ikasturtean eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginez.
Ondorioa argia da: ez dago balizko arrazoirik akordioa ez betetzerako, eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzen esku dago. Patronalak, aldiz, argudiatzen du Eusko Jaurlaritzaren finantzaketak baldintzatzen duela aplikazioa.
ELAk, gatazka kolektiboko demanda aurkeztu aurretik, adiskidetze saiakera egin du, baina adostasunik gabe amaitu zen, patronalek murrizketa ez zutelako ezarriko. Horregatik erabaki du demanda aurkeztea.
Elkarretaratzearekin langileek ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzei eskatu diete eskola orduaren murrizketa aplika dezatela, greba amaierako akordioan jasotako edukiak hitzarmenean txertatzea eta 2025eko soldata adostea ere exijitu dute. Gogora dezagun 16 hilabete pasa direla akordioa sinatu zenetik, eta orduez gain, adostutako soldatak ere kobratzeko epaitegietara joatea beste aukerarik ez dutela izan langileek.