"Alarma gorria” hezkuntzan

Gaur otsailaren 28an hasita eta datozen bi egunetan elkarretaratze zaratatsuak burutuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, hezkuntzako langileak eta hezkuntzaren kalitatea azken urteetan sufritzen ari den murrizketak salatzeko. Otsailaren28an Araban, otsailaren 29an Bizkaian eta martxoaren 1ean Gipuzkoan. Aurrerago ere bestelako ekimen eta aldarrikapenak aurreikusiak ditugu.
Beste behin ere gogoratu beharrean gaude Eusko Jaurlaritzak, azken hamarkada luzetan, BPGaren %3,6 besterik ez duela bideratu hezkuntzara, Europako eta herrialde aberatsenen bataz-bestekotik 1,6 puntura (1.000 milioi € gutxiago). Eta inbertsio eskas honi azken urteetako Hezkuntza Sailaren murrizketak gogorrak gehitu behar zaizkio. 13.000 ikasle gehiago daude azken bi ikasturteetan EAEko eskoletan, baina apenas gehitu da langile plantilla behar hauei aurre egiteko, kasu askotan murriztu ere egin da. Beraz, lan-kargak izugarri hazi dira eta ezinezkoa da ikasleei behar bezalako arreta eta kalitateko hezkuntza laguntza eskaini. Egoera larri honi gehitzen zaio ordezkapenak ez direla egiten edo ia astebeteko atzerapenaz egiten direla, zentroetako proiektuak gehitu egiten direla eta soldatak ia 2008ko mailan daudela eroste ahalmenaren %10etik galduta.
Orain berriz lan-erreformaren eraso bortitza gainean dugu jada eta zerbitzu publikoetan egitea aurreikusten dituzten murrizketa berriekin egiten digute mehatxu. Langabezia gehitu, pobrezia handitu, krisia areagotu eta zerbitzu publikoak are gehiago kaltetuko dituzten neurriak.
“Alarma gorri” egun hauen bidez salatu nahi dugu murrizketa neurri hauek guztiek hezkuntzaren kalitatea eta gizarteari eskaintzan zaion funtsezko zerbitzua arrisku bizian jartzen dutela, langileon eta euskal gazte eta jendarte osoaren oraina eta etorkizuna kinka larrian jartzen dutela eta guztiz beharrezkoa dela murrizketa politikak alde batera utzi eta hezkuntza eta gainerako oinarrizko zerbitzuetan inbertsioak handitzea eta zerbitzuak garatzea.
Hau egiten ez duten politikari eta gobernuek, ahoa bestelako hitzez bete arren ez dute gizartea, pertsonak eta gure oraina eta etorkizuna beraien lehentasunen artean, botere ekonomikoen morroi eta borrero bihurtu dira eta beraien jarrera eta politikak aldatzeko mobilizazioa beste biderik ez digute uzten.
Politika hauekin jarraitzen badute ez dezatela zalantzarik izan, kalean eta aurre egiten izango gaituzte politikak aldatzen dituzten bitartean.