GIZARTE EKIMENA

Apirilaren 25eko greban parte hartzeko deia

2023/03/23
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Sindikatuek lan hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela salatu dute, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako mahai gainean jartzen. Patronalaren jarreraren aurrean sindikatuek mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dute. Horregatik, mobilizazioan apirilaren 25eko greban parte hartzeko deia luzatu da.

Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan hamahiru bilera egin dira dagoeneko. 2022ko maiatzean hasi ziren negoziaketak; ia urte bete pasa da, beraz. Patronalek, ordea, ez dute negoziaketarako borondaterik. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu ditu.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dira.