Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua

Arabako UHEI- IVEDeko langileak barrakoi batzuetara lan egitera bidali nahi dituzte

2024/12/02
Azaroaren 18an Hezkuntza Sailak jakinarazi zuen Arabako Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko egoitza (UHEI Araba) Gasteizko Zabalgana auzoan dauden barrakoietara bidaliko dituztela ikasturte amaiera honetan. Erabaki hori Arabako ikastetxeko zuzendaritzaren eta bertan lan egiten duten langileen aurkakoa da. ELAk Hezkuntza Sailaren langile eta ikasleen aurkakoa den neurri onartezin berri bat salatu nahi du.

Orain arte UHEI-IVED Araba Institutuko eraikina El Caserio kalean egon da, baina Hezkuntza Sailak Mariturrin kokatuta dagoen barrakoi egiturara mugitu nahi du. Eraikuntza horrek Aldaialde eta Mariturriko HLHIko umeak hartu ditu urte luzez, eta, horietan zehar, instalazioaren prekaritatea salatu dute hainbat eragilek, Ikasleen Guraso Elkartea barne. Baina, hala ere, ez dirudi erabakia behin-behinekoa denik, baizik eta behin-betiko kokapena izango dela, Sailak iragarri duenaren arabera.

ELAk erabaki onartezin hori salatzeaz gain, Sailaren langileekiko jarrera salatu nahi du, ez baitie, oraindik ere, aurrez aurreko inongo azalpenik eman nahi izan langileei. Sailaren partetik gaiaren kudeaketa ere salagarria da ELArentzat.

ELArentzat ezin onartuzkoa da Hezkuntza Sailak langileen lan-baldintzak okertu nahi izatea eta hezkuntzaren kalitatea oztopatzea horrelako erabaki eta neurriekin. Horregatik, Hezkuntza Sailari iragarri egiten diogu ELAk ez duela erabakia onartuko, eta Arabako UHEIko langileekin eta ikasleekin beharrezkoak diren mobilizazioetan parte hartuko duela administrazioak eraikuntza duin bat eskeini arte.

Hala, ELAk parte hartuko du ikastetxeko langileek abenduaren 4ean, 12:00etan, Hezkuntza delegaritza aurrean (San Prudentzio kalea 18) Arabako Hezkuntza Delegaritzaren aurrean egingo duten konzentrazioan, eta hezkuntzako eragile guztiei konzentrazio honetan parte hartzea gonbidatzen ditugu.