Zehaztasun eta baliabide aurreikuspen gutxi egon dira Hezkuntza Sailburu berriarekin izandako bileretan

2020/09/10
Honenbestez, beharrezkoak diren neurri gehigarriak benetan jarri ezean, EAEko Hezkuntzako ordezkari ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk iragarri dute hezkuntzan aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela.

Sindikatuen ohar bateratua

Pasa den ikasturteko maiatzetik, hau da, Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenetik, Hezkuntza Sailari, aurrez aurreko ikasturte bukaera eta 2020/2021 ikasturte seguru bat bermatzeko neurri zein baliabide planifikazio batean zentratzeko eskaera luzatzen aritu gara sindikatuok. Baita neurri zein baliabide horien inguruan adostasunetara iristeko langileon ordezkariokin, kolektiboz kolektibo eta hezkuntza sare guztietarako interlokuzio zein negoziazio prozesu errealak abian jartzekoa ere.

Hezkuntza Sailaren kudeaketan inprobisazioa nagusi izan dela agerikoa izan da, ordea: aldebakarreko eta adostu gabeko erabakiak hartu ditu eta bere ardurak ez ditu bete, aurrez aurreko ikasturte berriari begirako planifikazioan ikastetxeek ardura osoa bere gain hartu behar izan dutelarik. Hezkuntza Saila berandu ibili da, eta ez ditu osasuna bermatzeko eta aurrez aurreko hezkuntza prozesua garatzeko baliabide gehigarriak jarri.

Hezkuntza sailak ezarritako neurriak berrikusi eta osasuna askoz modu eraginkorrago batean bermatzeko zein hezkuntza prozesua garatzeko beharrezko planifikazioa gauzatu eta baliabideak ezarri ezean, dagoeneko gure ikastetxeetan gertatzen ari diren COVID kasuek gora egiten jarraituko dutela aurreikusi daiteke. Ikasleen arteko arrakalak areagotzen jarraituko du eta gure ikasleen ikasketa prozesuak kaltetuak izango dira, bereziki egoera zaurgarrienean daudenenak.

Sindikatuen eskaerak:

  • Interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea langileon ordezkariokin itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko, sektorez sektore, kolektiboz kolektibo.
  • Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan.
  • Langile guztientzat protokoloak jasotzen dituen NBEak (EPIak) ikastetxeetan lehen bailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan.
  • Pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea bermatzea, ikasgeletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik.
  • Sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea.
  • Ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea.
  • Curriculamaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz.
  • Egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea.
  • Kontziliaziorako baimen ordainduak.

Sailburu aldaketa egon da Hezkuntza Sailean. Eta Sailburu berriak sindikatuoi deitu gaitu. Berandu iritsi diren gaurko bileretan ordea, asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide aurreikuspen eta berma gutxi ikusi ditugu. Mobilizazioak geldiarazteko saiakera huts baten antz gehiago izan dute gaurko bilerek egoerak eskatzen duen planifikazio eta baliabide hornikuntza bat abian jartzeko negoziaketa prozesu erreal eta eraginkor batena baino.

Honenbestez, sindikatuok hezkuntzan aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu.