Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak (EAE)

Aste honetako bigarren egunak ere jarraipen zabala izan du

2023/10/18
Gaurko grebak ere oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileriaren ia %70k babestu du, eta milaka izan dira Gasteizko manifestaziora gerturatu diren langileak. Patronal nagusiak elkarrizketaren alde egiten duela dioen arren, ez da sindikatuokin harremanetan jarri zortzi hilabeteotan

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek aste honetako bigarren greba eguna dute, lan hitzarmena berritzeko helburuarekin. Apirilaren 25ean beste greba egun bat egin zuten, eta aste honetarako hiru egun deituak dituzte: atzo, gaur eta bihar. Horretaz gain, abenduaren 11-15 bitarte beste bost greba egun daude erregistratuta.

Bada, gaurko grebak ere oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileriaren ia %70k babestu du, eta milaka izan dira Gasteizko manifestaziora gerturatu diren langileak. Sektoreko Kristau Eskola patronal nagusiak adierazi du elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela. Hala adierazi zuen atzo prensa ohar baten bidez.

Azken negoziazioa mahaia orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen, ordea, eta apirilaren 25ean lehen greba eguna egin genuenetik, urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Tarte horretan guztian, mahaian ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturtea hastearekin batera, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek negoziaketa eskaera berri bat zieten helarazi Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei, eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu zioten, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute ez bataren, ez bestearen erantzunik jaso, gaur gaurkoz.

Sindikatuen helburua da 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea. Ez dute errepikatu nahi aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba eguneko dinamika.

Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu nagusi eta patronal nagusi beren artean posible izan zen orduan.

Hori horrela, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei elkarrizketa eta negoziazio erreala sustatu dezatela eskatzen diete sindikatuek, eta hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratu dezatela.

9.000 langile inguru daude grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diete hezkuntza. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialaei aurre egiteko planak ere jomugan dituzte.Euskal Herrian.