Auzitegi Gorenak Gizarte ekimeneko ikastetxeek 2010etik aurrera langileei inposaturiko soldata murrizketak legez kanpokotzat jotzen ditu

2012/11/21
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaiari Kristau Eskola eta AICE patronalek jarririko helegitea atzera bota du eta, ELAk exijitu moduan, langileen eskubideei eman die arrazoi.

2010eko udazkenetik aurrera langileei ezarririko soldata murrizketak direla eta Gizarte ekimenean ordezkaritza dugun sindikatuek, gatazka kolektiboa aurkeztu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Epaia langileen alde irten bazen ere eta soldatak bere osotasunean kobratzeko eskubidea onartu, Kristau Eskola eta AICE patronalek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean. Orain, beste behin ere, Auzitegi Gorenaren epaiak arrazoia ematen die sindikatuek jarririko salaketari eta langileen eskubideei.

Gogoratu beharrean gaude 2010eko maiatzean, krisia aitzakia, Espainiako Gobernuak Sektore Publikoko langileei soldata %5 jaisteko erabakia hartu zuela eta Eusko Jaurlaritzak ere erabaki hau Euskal Herrian ezartzeaz gain, itunpeko irakaskuntzan ere murrizketa bera egitea erabaki zuela.

Erabaki hau medio, itunpeko irakaskuntzako patronalek murrizketa hau bere osotasunean langileen soldaten gain eror arazi zuten, hitzarmenak eta negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubide eta arauak hautsiz.

Orain argitaraturiko epaiak, bere garaian ELAk murrizketa hauek askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zutela esanez eginiko salaketa berresten du eta langileen eskubideak eta hitzarmenean jasotako lan-baldintzak babesten, kasu honetan kenduriko soldata zatia legearen aurkakoa dela esanez eta langileek soldata bere osotasunean jasotzeko duten eskubidea dutela adieraziz.

 

Bere momentuan salatu genuen moduan ezarririko murrizketek langileen eskubide sindikal eta laboralei eta negoziazio kolektiboari erasotzen diete, lan hitzarmenaren balioa apurtuz. Edozein kasutan, ELAk itunpeko irakaskuntzako langileei dei egiten die, bere eskubideak defenda ditzatela eta epaiak ematen digun babesaz baliatuz bete arazi ditzagula gure eskubideak eta indartu gure aldarrikapenak eta borroka ikastetxeetan inolako murrizketarik egon ez dadin. Orain arte moduan, ELAk horrela exijituko die Eusko Jaurlaritza eta patronalei.

Azkenik, ELAk itunpeko irakaskuntzako langile guztiak zoriontzen ditu albiste on honegatik eta momentuko eta datozen urteetako egoera zail eta etengabeko erasoak kontutan izanik, gainerako irakaskuntzako langile eta langileriarekin batera bere eskubideen eta hezkuntza inbertsio eta kalitatearen alde antolatu eta borroka egitera deitzen ditu murrizketei aurre eginez eta gure jendarteak beharrezko dituen oinarrizko zerbitzuak defendatuz.