Auzitegi Gorenak Ikastolek inposaturiko soldata murrizketak legez kanpokotzat jotzen ditu behin-betiko eta soldatak bere osotasunean ordaintzera behartu

2012/10/06
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epaiari ikastoletako patronalek jarririko helegitea atzera bota du eta, ELAk exijitu moduan, langileen eskubideei eman die arrazoi

2010eko udazkenetik aurrera Ikastolek langileei ezarririko soldata murrizketak direla eta ikastoletan ia erabateko ordezkaritza dugun ELA eta LAB sindikatuek, gatazka kolektiboa aurkeztu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean. Epaia langileen alde irten bazen ere eta soldatak bere osotasunean kobratzeko eskubidea onartu, ikastoletako patronalek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean. Orain, beste behin ere, Auzitegi Gorenaren epaiak arrazoia ematen die sindikatuek jarririko salaketari eta langileen eskubideei.

Gogoratu beharrean gaude 2010eko maiatzean, krisia aitzakia, Espainiako Gobernuak Sektore Publikoko langileei soldata %5 jaisteko erabakia hartu zuela eta bai Nafarroako Gobernuak baita Eusko Jaurlaritzak ere erabaki hau Euskal Herrian ezartzeaz gain, itunpeko irakaskuntzan ere murrizketa bera egitea erabaki zutela.

Erabaki hau medio, itunpeko irakaskuntzako patronalek, Partaide eta Nafarroako Ikastolen elkartea tarteko, murrizketa hau bere osotasunean langileen soldaten gain eror arazi zuten, hitzarmenak eta negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubide eta arauak hautsiz.

Orain argitaraturiko epaiak, bere garaian ELAk murrizketa hauek askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zutela esanez eginiko salaketa berresten du eta langileen eskubideak eta hitzarmenean jasotako lan-baldintzak babesten, kasu honetan kenduriko soldata zatia legearen aurkakoa dela esanez eta langileek soldata bere osotasunean jasotzeko duten eskubidea dutela adieraziz.

Epai honen argitara, oraindik ere larriagoa gertatzen da 2011ko udan Partaide eta LAB sindikatuak EAEn lorturiko akordioa. Izan ere, gogora arazi beharrean gaude, akordio hark, 2010eko hiru hilabete inguruan kenduriko soldata zatia bueltatzearen truk, praktikan uko egiten ziela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman eta orain Gorenak berretsiriko epaiari eta sindikatu eta langileentzat onarturiko eskubideei. Sindikatua aurkezturiko erreklamazio guztiak erretiratzera eta 2011 eta aurrerantzean soldata murrizketengatik erreklamazio gehiago ez aurkeztera behartzen zuen eta berdin akordioa sinatzen zuten langileak ( […] elegite horri buruzko ebazpena ikastoletako langileen aldekoa balitz, langileek 2011ko erreklamaziorik ez aurkezteko konpromisoa hartzen dute. [...] Era berean, sindikatuek, murrizketengatik banakako erreklamazioak ez aurkezteko, lehendik aurkeztutakoak erretiratzeko eta hemen adostutakoa garatzeko konpromisoa hartzen dute”).

Bere momentuan salatu genuen moduan, akordio honek gobernuei, patronalei eta langileei murrizketak onar eta negozia daitezkeenaren mezua luzatzen zien, eskubide sindikal eta laboralei eta negoziazio kolektiboari erasotzen die eta ikastoletan dihardugun sindikatu eta langileon borroka indarra eta erantzuna ahuldu. Edozein kasutan, ELAk ikastoletako langileei dei egiten die, bere eskubideak defenda ditzatela eta epaiak ematen digun babesaz baliatuz bete arazi ditzagula gure eskubideak eta indartu gure aldarrikapenak eta borroka ikastoletan inolako murrizketarik egon ez dadin. Orain arte moduan, ELAk horrela exijituko die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari eta ikastoletako patronalei.

Azkenik, ELAk ikastoletako langile guztiak zoriontzen ditu albiste on honegatik eta momentuko eta datozen urteetako egoera zail eta etengabeko erasoak kontutan izanik, gainerako irakaskuntzako langile eta langileriarekin batera bere eskubideen eta hezkuntza inbertsio eta kalitatearen alde antolatu eta borroka egitera deitzen ditu murrizketei aurre eginez eta gure jendarteak beharrezko dituen oinarrizko zerbitzuak defendatuz.

Hezkuntzan murrizketarik ez!

Hezkuntzako langileei murrizketarik ez!