Auzitegi Gorenak ELAri arrazoi ematen dio koordinatzaile plusaren inguruko gatazkan

2011/09/07
Auzitegi Gorenak 2007tik aurrera koordinatzaile plusa kobratzeko eskubidea dugula onartzen digu

Dakizuen moduan, ELA sindikatuak demanda bat tarteratu zuen Epaitegietan Lan Hitzarmenean jasotzen den koordinatzaileen plusa 2007 urtetik ordaindu behar zela erreklamatuz, hau ere soldataren zati bat delako eta gainerako soldata bezalaxe, 2007ko urtarrilerako atzeraeraginkortasuna izan behar zuela ulertzen genuelako.

Bidea luzea eta zaila izan da, izan ere, lehenengo instantzian langileon aldeko Epaia atera arren, Partzuergoak errekurtsoa tarteratu baitzuen Auzitegi Gorenean. Gainera ELA sindikatua erabat bakarrik aritu da borroka honetan, gainerako sindikatuek lagundu ordez oztopoak jarri dituztelarik bide honetan.

Azkenean ordea, Auzitegi Gorenaren Epaia iritsi zaigu, irmoa den epai honek, aurrekoa berrestuz, berriro ere arrazoia ematen diolarik Partzuergoko langilegoari, Partzuergoak tarteratutako errekurtsoa bertan behera utziz.

Espero dugu Partzuergoak borondatez betetzea epaia eta  beraz, borondatez ordaintzea aipaturiko plusa 2007 urteko Urtarriletik koordinatzaile moduan aritu ziren hezitzaileei. Hala izango ez balitz, banakako erreklamazioak aurkeztu beharko dituzue data horietan koordinatzaile moduan aritu zinetenok; Halere, benetan espero dugu Partzuergoak ez gaituela berriro ere epaitegietan banakako erreklamazioak tarteratzera behartuko.

Partzuergoarekin harremanetan jarri eta gai honen inguruan duten asmoa zein den jakinarazten diguten bezain pronto ezagutaraziko dizuegu.

Egin klik hemen Informatzena jaisteko