Auzitegi Nagusiak ELAri eman dio arrazoia eta Ikastoletako Hitzarmenean oinarrizko eskubide urraketa berehala konpontzeko agintzen die Partaide eta LABi
ELA sindikatuak gaur bertan jakin du pasa den uztailaren 8an buruturiko epaiketan EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola berak aurkezturiko salaketari.
Salaketaren arrazoia
Auziaren nondik norakoa kokatzeko, gogora ekarri behar da abenduaren 2 eta 3an Partaide, EIB eta LABek ordura arte indarrean zirauen sektoreko hitzarmena aldatzen zuen akordioak sinatu zituztela. Akordioek azaroaren 26an Partaidek, EIBk eta LABek adosturiko edukiak finkatu eta nola gauzatuko diren zehazten zuten.
ELAk bere momentuan, baita ondoren ere, gogor kritikatu ditu akordioaren edukiak, ordura arte inposatzen ari ziren baina epaitegiek legez-kanpokotzat jo zituen murrizketak legeztatzen zituelako eta hitzarmeneko lan-baldintza finantziazio publikoari zuzenean lotzen zituelako modu berezian (irakur edukien inguruko ELAren balorazio osoa)
Edukiez haratago ordea, akordioa garatzeko Partaidek, EIBk eta LABek ez zuten hitzarmen berri bat adostu; horren ordez indarrean zegoena zenbait edukitan aldatu zuten. Besteak beste, honako hauetan:
-
Hitzarmenaren sinatzaileek soilik osatzen duten Hitzarmena Interpretatzeko Batzorde Mistoa, Batzorde Parekide bihurtzen zuten; eta batzorde honi, negoziazio-mahaiari soilik negoziatu eta adostea dagozkien edukiak erabakitzeko ahalmena ematen zioten, eta ondorioz sektorean ordezkaritza nahikoa duten eta gai horien inguruan negoziatzea dagokion ELA sindikatua negoziazio prozesutik kanpo utziz.
-
Esaterako, Batzorde Parekideari (hitzarmenaren sinatzaileei soilik) aukera ematen zaio arauturiko edukiei eragiten dien lege aldaketarik gertatuz gero hitzarmenaren edozein puntu aldatu eta egokitzeko (aldatutako hitzarmenaren 9. artikuluko 5. puntua).
-
Aldatutako hitzarmenaren 49. artikuluak Batzorde Parekidearen esku jartzen zuen (hau da, berriro ere hitzarmenaren sinatzaileen esku soilik) finantziazio publikoa murriztearen ondorioz soldatak ordaintzeko egon daitezken arazoei aurre egiteko neurriak. Hau da, abenduren 3ko akordioan gauzatzen den moduan, Batzorde Parekidearen esku uzten zuen soldata-tauletatik desatxikimendua egiteko aukera eta murrizketak legezko moduan aplikatzeko. Eta hori bai orain baita etorkizunerako ere.
Epaiaren edukia
Hau honela, ELAk askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako eskubidea defendatzeko epaitegietara jotzea beste biderik ez du izan. Orain EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi emandio ELAri. Bertan aldaturiko hitzarmenaren 49. artikulua baliogabea dela ebazten da eta ELA ez dagoen Batzorde Parekideak ez orain eta ez hemendik aurrera ere ezin duela soldaten inguruko erabakirik hartu. Honekin batera, Partaide, EIB eta LABen jarrera erabat bidegabetzat jotzen du, askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidearen aurka jo dutela eta berehala oinarrizko eskubide hauen jazarpena eten eta errespetatzera dei egiten die. Are gehiago kontutan izanik ELAk EAEko ikastoletan langileen %36 ordezkatzen duela.
Atzo bertan adierazi zuen moduan, ELAk epaiketan bertan jakin zuen lehen aldiz eta pasa den astean Partaiderekin izandako bileran sakonago, Partaide, EIB eta LABek ELAk juridikoki salatzen zituen puntu nagusiak epaiketaren aurretik zuzenduak izan zirela eta hasiera batean Batzorde Parekidearen esku jartzen ziren negoziazio kolektiboaren oinarrizko edukiak Mahai Negoziatzalearen esku geratzen direla.
ELA pozten da Partaide eta LABek askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea urratzen zuen ikastoletako hitzarmeneko artikulua zuzendu izanaz, baina edozein kasutan, oso arraroa eta prozedura aldetik onartezina iruditzen zaio abenduaren 18ko sinadura data duten eta sindikatuak behin eta berriro salatu dituen puntu horietan eman diren aldaketen inguruko inolako informaziorik jaso ez izana. Are gehiago, ELAk azken bileren aktak eta behin-betiko akordioak behin baino gehiagotan eskatu dituenean eta negoziazio mahaiko kide moduan informazio hori guztia inolako eskaerarik egin gabe eman behar zaionean. Prozedura honen guztiaren inguruko zalantzak agertzen ditu hain zuzen ere epaiak eta horren baitan baligabetzen ditu aipaturiko artikuluak eta oinarrizko eskubideak errespetatzera deitu.
LABen jarrera onartezina
Azkenik, ELA sindikatuak LAB sindikatuak gai honekiko izan duen jarrera onartezina salatzen du.
ELAren ustez, adostu diren edukiak kontutan izanik ulertezina edo adar jotzea da hitzarmenaren ultraaktibitatearen iraupenari buruz hitz egitea, erreforma laboralaren aurkako blindajeaz, alde bakarreko salbuespenak saihesteaz edota ikastoletan parte hartzea ahalbidetzeaz. Edozein kasutan, eduki hauek bi aldeen gehinegoz adostu eta prozedura egokia jarraituz gero ELAk onartzea beste aukerarik ez du.
Salaketaren arrazoia, hain zuzen ere, eduki hau egituratzerakoan oinarrizko eskubideei egin zaien erasoa da. Epaian argi geratu den moduan askatasun sindikala eta nagoziazio kolektibo eskubidea daude jokoan eta hauen defentsan jo du ELAk epaitegietara. Eta honen guztiaren jakitun, berezi larria da LABek ELAren aurka gogor jo izana ELA, edukiak albo batera utziz, sindikatu baten oinarri-oinarrizko eskubideen defentsan aritu denean. Horretarako ELAren salaketa juridikoaren benetako arrazoia ezkutatu edo erlatibizatu nahi izan du ELAk akordioaren edukiei egiten dizkien kritika politikoarekin nahastuz. Jarrera honen adierazgarri tamalgarriena epaiketa egunean bertan bere oinarrizko eskubideak defendatzera epaitegi jo beharrean aurkitu den sindikatu baten aurka elkarretaratu izan da.
Hau guztia kontutan izanik, ELAk LAB sindikatuari hausnarketarako deia egiten dio. ELAren ustez, bi sindikatuen artean nabariak diren negoziazio kolektiboaren eduki eta estrategien inguruko diferentziak izan arren, badira sindikatu batek inoiz gainditu ezin dituen oinarrizko eskubide eta negoziazio kolektiboaren funtsezko arauen inguruko marra gorriak.
Ondorioak eta ELAren eskaria
Honen guztiaren baitan eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia ezagututa ELAk Partaide, EIB eta LABi eskatzen die aurreratzean askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea errespetatzea eta argitaratuko den hitzarmen berrian zuzenketa hauek guztiak agertzea.