Behar baino 1.740 irakasle gutxiago eta 6.200 lanpostutik gora egonkortu gabe uzteko proposamena egin du Eusko Jaurlaritzak

2017/09/27
Azken urteetan behar baino 1.800 lanpostu gutxiago sortu ditu Hezkuntza Sailak, eta egoera horri aurre egiteko 60 plaza gehiago besterik ez ditu proposatu Jaurlaritzak. Plantillak egonkortzeko legealdi osorako proposatu duen 5.000 lanpostuko EPEak behin-behinekotasuna %24,9an utziko luke.

Gaur burutu den irakaskuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaian Jaurlaritzak 2016-20 legealdi osorako 5.000 lanpostu egonkortu eta EPEra ateratzeko proposamena egin du: 3.100 erretiroengatik sortuko diren lanpostuak betetzeko eta 1.900, behin-behinekotasuna jaitsi asmoz. Horietatik jada 740 eginak daude 2017an. Beraz 2018tik 2020ra 4.260 plaza proposatzen ditu.

Kontuan izanik behin-behineko 9.600 lanpostu daudela (%38ko behin-behinekotasuna), Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa %24,9an utziko luke legealdiaren amaieran. Hau da, ELAk proposatu moduan, behin-behinekotasuna %6an uzteko beharko liratekeen lanpostuak baino 6.200 lanpostu gutxiago egonkortuko lirateke.

Plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Egoera honi aurre egiteko Jaurlaritzak 60 lanpostu gehiago besterik ez ditu proposatu. Honela, 2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera bere horretan mantenduko litzateke, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

Ordezkapenetan egin du Hezkuntza Sailak ekarpenik esanguratsuena. Baina partziala hau ere. Izan ere ordezkapenak lehen egunetik soilik Lehen Hezkuntzan proposatu ditu, baina ez Bigarren Hezkuntzan, antolakuntza eta pedagogia irizpideen baitan hau ere eztabaidara irekia utzi duen arren.

Sindikatuen aldarrikapen izan diren eroste-ahalmenaren berreskuratzea, bajak zigortzeari uztea edo erretirorako pizgarriak berreskuratzea alde batera utzi ditu gobernuak.

ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena. Beraz, deiturik ditugun mobilizazioek are garrantzia handiagoa hartzen dute, Jaurlaritza proposamen nabarmen hobeak mahai gainean jartzera behartzeko.