GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK

Beste hamar greba egun urtarrilean eta otsailean

2024/01/09
Patronalek bilerak deitu dituzte, baina proposamenik ez dute aurreratu sindikatuek aldez aurretik eskatu arren. Hiru urte dira hitzarmena iraungita dagoela.

Beste hamar greba egun gehiago deitu dituzte gizarte ekimeneko ikastetxeetan sektorean ordezkaritza duten ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek: urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.

Langileek bederatzi greba egun egin dituzte jada eta dinamikak behartuta, bilerak deitu ditzute mahai negoziatzailean ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Lehena biharko, urtarrilaren 10erako.

EAEko Gizarte Ekimeneko hitzarmenak hiru urte daramatza iraungita, eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek proposamenik eta edukirik gabeko bilerak deitu dituzte. Hori horrela, sindikatuek fede oneko negoziaketa eta proposamenak lehenbailehen egiteko eskaera egin diete patronalei. Eusko Jaurlaritzari, bestetik, beharrezkoa izanez gero, gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diote.

Edukirik mahaigaineratu ezean, urtarrilareko eta otsailerako deitutako greba egunekin aurrera egin beste biderik ez dute izango. Era berean, ikastetxeetan sinadura bilketa bat abian jarriko dutela iragarri dute sindikatuek, hitzarmena berritzea posible egingo duten edukiak aurkeztearen alde.

Hain zuzen ere, aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.