Bizkaiko Autoeskoletako Lan Hitzarmena berritzeko planteamendu bat helarazi dio ELAk patronalari

2021/11/05
Bizkaiko autoeskoletako hemeretzigarren greba egunean, Bizkaiko Autoeskoletako Lan Hitzarmena berritzeko planteamendu bat helarazi dio ELAk patronalari . Patronalak negoziazioari uko egiten jarraitzen du, ordea. Hitzarmena berritzeko aukerei eta ELAk helarazitako planteamenduari muzin egiten jarraituz gero, mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du sindikatuak.

Ekainean eta uztailean bost greba egun gauzatu zituzten, irailean beste bost eta urria eta azaroan, bederatzi. Baina uztailaren 28ko mahaia deitu zuenetik, sektoreko patronalaren jarrera erabat “onartezina” izaten ari dela dio ELAk. Azaldu duenez, egoera bideratzeko eta adostasunak lortzeko proposamenak eta edukiak landu beharrean, erabat jarrera itxia erakutsi du, eta bere ahaleginak izan dira grebalarien aurkako mehatxuak botatzea eta greba eskubidearen aurkako urraketak bultzatzea. Jada hiru salaketa aurkeztu ditu greba batzordeak lan ikuskaritzan grebalariak legez kanpo ordezkatuak izan direlako zenbait autoeskoletan.

 

ELA, sektorean langileen ordezkaritzaren gehiengoa duen sindikatua, saiakera ugari ari da egiten gatazka bideratzeko eta 11 urtez berritu gabeko Lan Hitzarmena berritzeko.

  • Patronalari hainbat idazki aurkeztu dizkio, grebalarien aurkako mehatxuak alboratu eta adostasunak erdiesteko proposamenak egiteko eskatuz. Ez du patronalaren aldetik erantzunik jaso.
  • Uztailaren 28tik inolako pausorik eman ez duen patronalaren aurrean, negoziazio-mahai bat deitu zuen sindikatuak berak urriaren 20rako. Mahaira proposamenik gabe eta gatazka bideratzeko inolako borondaterik gabe agertu zen patronala.
  • Batzorde parekideko bilera bat ere deitu zuen sindikatuak azaroaren 3rako; patronalak, ordea, ateak itxi zizkion bertan jorratutako gaia bideratzeko aukerari (plusak opor garaian ordaintzeko eskaera).