Bizkaiko autoeskoletan grebara deitu du ELAk urriaren 25etik 29ra

2021/10/13
Mahai negoziatzaileko bilerara deitu du sindikatuak patronala urriak 20an, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) egoitzan. Konponbiderako proposamena aurkeztu dezala eskatu dio ELAk

Bizkaiko autoeskoletako langileek mobilizazioekin jarraituko dute, mehatxu eta presioek etenik ez izan arren, eta beste bost eguneko greba egitea erabaki dute: urriaren 25etik 29ra. Aldi berean, eta patronalaren jarrera ikusirik, ELAk mahai negoziatzaileko bilerara deitu du patronala datorren urriaren 20rako, LHKaren Bilboko egoitzan. Sindikatuak gatazka bideratzeko baliagarri izango den proposamenekin bertaratzeko eskatu dio APAVI patronalari.

Orain arteko mobilizazioak

Langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak oro har erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuetan.

Mahai negoziatzailea sindikatuen ekimenez ireki zen orain dela urtebete. Bederatzi bileren ondoren, ez zen patronalaren aldetik Lan Hitzarmena berritzeko balizko proposamenik mahai gainean jarri.

Ekaina eta uztaila bitarte, 5 greba egun eta irailaren 20tik 24ra aste osoko greba gauzatu zituzten langileek lan baldintzak erregularizatu, duindu eta hobetuko dituen edukidun lan hitzarmenaren alde. Patronalak, ordea, ez du gatazka bideratzeko beharrezko litzatekeen proposamenik helarazi.

Azken bilera uztailaren 28an izan zen, eta patronalaren balizko proposamen ezaren aurrean, ELAk argi adierazi zizkion adostasunak erdietsi ahal izateko edukien nondik norakoak. Iraileko aste osoko greba ondoren, ez da patronalaren aldetik inolako proposamenik helarazi, ordea. Aste horretako azken greba egunean, irailak 24an, idatziz sindikatuak gatazka bideratzeko proposamenak egiteko eskaera luzatu bazion ere. Ohiko izaten ari dira ostera grebalarien aurkako mehatxu eta presioak. Hori horrela, mobilizazioak indartu eta aste osoko beste greba deialdi bat egin beste biderik ez dugu.

Langileen eskaerak

Sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan:

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, hilean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21: 00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.