Bizkaiko autoeskoletan urriaren 25etik 29ra deitutako bost greba egunek eta mobilizazioek jarraipen zabala izan dute

2021/10/29
Datorren asterako ELAk deitu dituen beste 4 greba egunekin -azaroaren 2tik 5era-, hemeretzi greba egun batuko dituzte grebalariek. APAVI patronalari erantzukizunez jokatzeko eta gatazka bideratzeko balizko proposamenak egitea eskatu dio sindikatuak.

Bere azken egunera iritsi da urriaren 25etik 29ra Bizkaiko autoeskoletan deitutako greba deialdia, eta datorren asterako beste 4 greba egun gehiago deitzea erabaki dute langileek asanbladan, zehazki, azaroaren 2tik 5era. Langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak erabat prekarioak eta, kasu askotan, irregularrak dira. Gainera, genero arrakala nabarmena dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuetan. Gaur egun, patronalak uko egiten dio sektoreko langileen lan baldintzak erregularizatzeari eta prekaritatea gainditzeari. Ildo beretik, grebalarien aurkako mehatxuek eta presioek jarraitzen dute. ELAk grebalariak zoriondu ditu bizi dituzten lan baldintza prekarioen aurkako borrokan erakutsitako konpromisoa eta indarragatik, aste honetan izan diren greba egunek izandako babesak agerian utzi duen bezala. Mobilizazio hauen bitartez, itxikeria bertan behera uztea eta akordio bat posible egingo luketen proposamenak aurkeztea eskatu diote grebalariek APAVI patronalari.

ELAk gogorarazi duenez, urriaren 20an negoziazio mahaiaren bilera batera deitu zuen patronala, eta gatazka bideratzeko proposamen egokiekin joateko eskatu zion. Hala eta guztiz ere, ez zuen inolako proposamenik aurkeztu, ezta gatazka bideratzeko borondaterik erakutsi ere.

APAVIk jarrera aldatu ezean, ELAk negoziaketa erreala bultzatzeko bere esku dauden bide guztiak jorratzen jarraituko du, mobilizazioa eta grebei jarraipena emanez, proposamenak mahai gaineratzeko espazioak landuz, zein irregulartasunak salatzeko epaitegietara joz.

Honako hauek dira langileen eskaerak:

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, hilean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21:00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.