Wold-Kafe solasaldia: Hezkuntza Publikoaren egoera eta aukerak

2017/09/21
LAB, ELA eta STEILASek deituta egungo hezkuntza publikoaren inguruko solasaldi irekiak burutu zituzten atzo Gasteizko Ama Zuriaren plazan. Bertan hezkuntza eragile ezberdinekin, langileekin, familiekin eta bertaratu diren herritarrekin hezkuntza publikoaren egoeraren inguruan jardun ziren.

Sindikatuen Agiria:

LAB, ELA eta STEILASek deituta egungo hezkuntza publikoaren inguruko solasaldi irekiak burutu ditugu Gasteizko Ama Zuriaren plazan. Bertan hezkuntza eragile ezberdinekin, langileekin, familiekin eta bertaratu diren herritarrekin hezkuntza publikoaren egoeraren inguruan jardun gara. Azken urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketak, gelako eman den ikasle kopuru handitzea, ikastetxeetako lan-kargak, plantilla beharrak, lanpostuen ezegonkortasuna, jarraipen eta ebaluazio pertsonalizatuaren beharra, LOMCE edo Heziberri ezarritako eduki, muga eta kontrol neurriak gainditzeko beharraz, euskalduntzeaz eta abar izan ditugu hizpide.

Murrizketa hauei buelta eman, hezkuntza lehentasun moduan hartu eta ezinbestekoak ditugun baliabideak, egungo erronka berriei aurre egiteko prestakuntza eta pedagogia lantzeko premia azpimarratu dugu solas giroan kafe hartu eta “kristinak” (gurinezko opilak) jaten genituen bitartean.

Ekimen hau, ikasturte hasiera honetan burutuko ditugun mobilizazio eta ekintzen artean kokatzen dugu. Helburu nagusia egungo hezkuntza publikoak sufritzen duen egoera sozializatu, eragile eta herritarren artean hausnarketa bultzatu eta egoera honi buelta ematen saiatzea da.

Hurrengo aste eta hilabeteetan bestelako ekintza eta mobilizazioekin emango diogu jarraipena. Besteak beste datorren astean burutuko dugun “salaketa egunarekin”, urrian zehar burutuko ditugun itxialdiekin, urriaren 28ko manifestazioekin eta bai azaroak eta abenduak burutuko ditugun sektorekako borroka aste eta grebekin.

Gaurko solasaldi ezberdinetan argi geratu den moduan, hezkuntza publikoaren egoera larria da eta gure oraina eta etorkizuna ditugu jokoan.