Eusko Jaurlaritzak kontziliazio neurriak ukatzen dizkie Hezkuntzako langileei Coronavirusaren krisiaren erdian

2020/03/13
ELAren ustez, "erabat inkoherentea eta larria" da Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei eskatzea langileen kontziliazioa erraztea eta aldi berean, bera enplegatzailea den eremuetan, Hezkuntzan kasu, bere langileei zenbait eskubide ukatzea, hala nola, ordutegi-malgutasuna edo lan-ordutegien egokitzapena.

Koronabirusak eragindako osasun-krisiaren kudeaketari dagokionez, ELAk uste du "erabat onartezinak" direla Eusko Jaurlaritza bere mendeko langileei buruz hartzen ari den zenbait erabaki. Izan ere, Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxe guztietan eskolak eteteko agindua eman du, baina ikasgelak irekita ditu eta langileak beren lanpostuetara joatera behartzen ditu, kontziliatzeko eskubidea ukatuz. Izan ere, Hezkuntza Sailaren aginduaren arabera, etenaldiak irauten duen bitartean, Hezkuntzako langileek ezin izango dute beren ordutegia modu jarraituan bete, ezta bestelako malgutasunik aplikatu ere.

ELAren ustez, larria da Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei eskatzea beren langileen kontziliazioa errazteko eta, aldi berean, zenbait eskubide ukatzea, hala nola, ordutegi-malgutasuna edo lan-ordutegiak egokitzea bera enplegatzailea den eremuetan. Egoera horren aurrean, Hezkuntzako langileen kontziliazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eskatzen dio Jaurlaritzari.

Era berean, Sukaldaritza eta Garbiketako ordezko langileen kontratua eteteko agindua eman dela jakin da. Antza denez, ikastaro batzuetarako liberatutako langileei beren lanpostuetara itzultzeko agindua eman zaie, eta horregatik eskatu zaie beren lanpostuak betetzen dituzten ordezkoen kontratua etetea.

"Erabaki hori ere guztiz onartezina iruditzen zaigu. Behin-behineko langileen egoera prekarioa ikusita, horrelako erabakiek egoera larriagotzea dakartela uste dugu, eta, horregatik, behin-behineko langileei kalte handiagorik eragingo ez dien irtenbide alternatibo bat planteatzeko eskatzen dugu ", gaineratu dute sindikatutik.

ELAren ustez, Jaurlaritzaren ardura da salbuespenezko egoera honen aurrean langileen bizi-baldintzei eta eskubideei kalte gutxien egiten dieten neurriak hartzea.