PREKARITATEA UNIBERTSITATEAN

Doktoregai eta ikerlarien prekaritatea onartezina da

2023/06/26
ELAk parte hartu du UEUk (Udako Euskal Unibertsitateak) antolatutako “Unibertsitatearen barruak eta prekarietatea: Doktoregaion begirada akademiari” jardunaldian. Unibertsitatearen deriba neoliberala, doktoregaien prekarizazioa eta arrakalak izan dira jardunaldiaren eztabaidagai nagusiak.

Azken urteetan unibertsitateak jasan duen deriba neoliberala oso agerikoa da; finantziaketa publikoaren murrizketak enpresa pribatuen injerentzia ekonomikoa ekarri du. Honek eragin zuzena du unibertsitatearen norabidean eta, ezinbestean, langileen lan-baldintzetan.

Gaurkoan UEUk antolatutako jardunaldian, doktoregai eta ikerlarien lan-baldintzen diagnostikoa egin dugu eta borroka zehatzak planteatu ditugu. Langile hauen ezegonkortasuna erabatekoa da; urteetan zehar luzatzen den behin-behinekotasun abusiboak eta duinak ez diren soldatak langileen hauen bizi-baldintzen prekarizazioa eta unibertsitatearen lan-taldeen egonkortasun falta dakar. Gainera, garatzen den jakintza merkatuaren interesen aldekoa da eta sistemarentzat erabilgarriak diren arloak izaten dira finantzatzen direnak. Abagune honek unibertsitatearen izateko arrazoia galtzen du; jendartearen hausnarketa librerako eta birformulaziorako espazioa galtzen ari gara, ikasleen eta langileen kaltetan.

ELArentzat doktoregai eta ikerlarien antolakuntza ezinbestekoa izango da deriba hau gelditzeko. Azken hilabeteetan bete betean bizi izan dugun moduan, UPV/EHUko negoziazio mahaietan ez da eduki ezta negoziazio errealik gauzatzen eta langileen lan-baldintzetan murrizketak aldebakarrez inposatzen dira. Soilik langileak aktibatuz eta antolatuz lortuko dugu gure unibertsitatearen zerbitzua eta bertan dauden langileen lan-baldintzak defendatzea.