SCIENTIA KARMELO IKASTETXEA
EAEko Auzitegi Nagusiak deuseztatu du Enplegu erregulazio espedientea

2023-2024 ikasturtea amaitzearekin batera Donostiako Karmelo ikastetxea itxi zuten. Irregulartasunez jositako kaleratze kolektibo bat planteatuta, 2024ko abuztuaren 31rako ikastetxeko langile guztiak (40 langile) kaleratu zituen enpresak. Kaleratzea kalte-ordainik ordaindu gabe eta hainbat hilabeteetako zorra pilatuta gauzatu zuen enpresak. ELAk aurkeztutako demanda onartuta, Scientia School taldea ere kaleratzeen erantzule solidarioa dela dio Sententziak.
Kaleratzearen eta jasotako irregulartasun guztien aurka borroka gauzatu zuten Karmeloko langileek eta ELA sindikatuak: 36 greba egun eta hamarnaka mobilizazio egin zituzten. Aurrekoekin batera, ELA sindikatuak kaleratze kolektiboaren aurkako demanda aurkeztu zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Apirilaren 2an notifikatutako eta ondorioz, oraindik irmoa ez den sententziak, kaleratze kolektiboa deuseztatu du. Scientia Karmelo eta Scientia School enpresak erantzule solidario direla adierazi du.
Gauzak horrela, itxiera prozesu guztian zehar langile, familia eta ELA sindikatuak salatutako irregulartasunak berretsi eta frogatutzat jo ditu Auzitegiak Nagusiak.