KONTSOLIDAZIO PROZESUA
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Eusko Jaurlaritzak ez duela Iceta Legea bete Haurreskolak partzuegoan
EAEko Auzitegi Nagusiak Haurreskolak Partzuergoaren aurka ebatzi berri duen sententziak berebiziko garrantzia du. Kontsolidazio prozesura 264 hezitzaile lanpostu deitu zituen Partzuergoak, eta Auzitegi Nagusiak 77 lanpostu gehiago gutxienez deitu behar zirela ebatzi berri du, deitutakoak baino %30 lanpostu gehiago alegia. Honek 77 langile gehiago kontsolidatzeaz gain, behin behinekotasunarekin amaitzeko Administrazioaren borondate eza eta legezko ez betetzea agerian utzi ditu.
Izan ere, ELAk hainbatetan salatu duena baieztatzen du sententzia horrek: Eusko Jaurlaritzak eta bere baitako administrazio askok, horien artean Haurreskolak Partzuergoak, ez dituzte kontsolidazio prozesuak behar bezala gauzatu.
Europar Batasunak aginduta, administrazio publikoko langileen kontsolidazioari bide emango zien 20/2021 Legea (Iceta Legea) onartu behar izan zuen Espainiar Estatuko Gobernuak. Lege hark hainbat gabezia eta berme falta zituen arren, aurretik ematen ez zen aukera bat zabaldu zuen. Ondoren, tokian-tokiko administrazio publikoek gauzatu eta exekutatu beharreko aukera.
Eusko Jaurlaritzak eta bere baitako administrazioek borondate gutxi izan dute behin-behinekotasunaren arazoari konponbidea emateko. Horren adibide garbiak aurkituko ditugu kontsolidazio prozesuak gauzatzerako orduan. Oro har, ahalik eta lanpostu gutxien eskaintzea eta ahalik eta langile gutxien kontsolidatzea izan da administrazioen helburua.
Praktika ez-egoki horien aurrean, ELA sindikatuak ahalegin berezia egin du urteak behin-behinekotasunean pasa dituzten milaka langileen kontsolidazioa gauzatu zedin. Kaleetan eta mahai negoziatzaileetan kontsolidazio erreala aldarrikatzeaz eta defendatzeaz gain, zenbait prozesu auzitegietara eramatea erabaki zuen, horietako bat Haurreskoletakoa.
Horrela, Auzitegi Nagusiak lehen instantzian ebatzitakoa berresten bada, ELAk aurkeztutako demanda horri esker Haurreskolak Partzuergoko 77 behin-behine gehiagok izango dute kontsolidatzeko aukera.
Osakidetzan edo Hezkuntza Publikoko gainerako esparruetan milaka dira kontsolidazio aukerarik gabe geratuko diren behin behineko langileak, milaka izan baitira deituak izan ez den lanpostu kopuruak.
ELAk Osakidetzako, Hezkuntza Publikoko irakasle funtzionario eta Heziketa Bereziko hezitzaileen, Justizia administrazioko eta Administrazio orokorreko kontsolidazio prozesuak ere auziperatuak ditu besteak beste, baina oraindik ez dago ebazpenik. Esparru hauetan, kontsolidazio prozesuetara atera beharreko lanpostu kopurua definitu ahal izateko informazioa falta eta gardentasun eza handia izan dira Jaurlaritzaren aldetik. Eta honek epaitegietara begirako frogatze lana zailtzen badu ere, ELAk argi du behin behinekotasun erreala %8ra kontsolidazio prozesuen bitartez jeitsi arte borrokan jarraituko duela. Bai epaitegietan, bai kaleetan, bai mahaietan.
Horregatik guztiagatik, beste behin behin-behinekotasunaren arazoari aurre egiteko borondatea eskatzen diegu gure administrazioei. Hauxe izan da sektore publikoko urriko, abenduko eta martxoko greba egunen aldarrikapen nagusienetako bat.