EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek manifestazioa egin dute Bilbon martxoaren 20ko grebaren atarian

2018/03/01
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta abiatu dira Bilboko Eskolapios ikastetxetik, hitzarmen berri baten negoziazioa exijitzeko asmoz. Kristau Eskola eta AICEren negoziatzeko borondate eza salatu dute gaurkoan ere.

Gizarte Ekimeneko sektoreak EAEko ikastetxe itunduen %70 hartzen ditu gutxi gora behera, eta 9.000 lagunetik gora langile dira. Hitzarmen berria adosteko negoziazioak azaroan eten ziren, eta, orduz geroztik, mobilizazioei ekin zieten.

Orain arte burutu dituzten mobilizazio guzti horiek borobiltzeko manifestazio handia izan da oraingo hau. Blokeo egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, martxoaren 20rako greba deitu dute.

Izan ere, 10 urte beteko dira laster azken hitzarmena sinatu zenetik. Egoera honek egunerokotasunean eragin handia dauka, bai langileengan baita ikasleengan ere, ezinbestean, hezkuntzaren kalitatean islatzen baita egoera hau.