Jaurlaritzak inprobisatzen jarraitzen du eta Hezkuntzako IRALErako liberazioak bertan behera utzi ditu, egun batetik bestera

2022/01/12
ELAk salatu du IRALErako liberazioak -irakasleentzako formazioa- bertan behera uzteko erabakia esleipenak egin eta bi egunera iritsi dela, eta irakasleei egun batetik bestera jakinarazi zaiela, sindikatuekin kontrastatu gabe. “Sailak aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitzen du, langileen ordezkariekin kontrastatu gabe”, kexu da ELA.

IRALEko ikastaroetarako liberatutako irakasle gehienen ordezkapenak urtarrilaren 7an egin ziren. Gutxi gorabehera 200 irakasle liberatu izan dira ikastaro horietarako, eta haiek ordezkatzeko beste irakasle kontratatu izan dira. Bada, gaur, urtarrilak 12, esleipen horiek egin eta 2 egunera, Hezkuntza Sailak erabaki du ikastaro horiek bertan behera uztea, gutxienez urtarrilaren 28ra arte. Pandemiaren egungo egoera eta bajak betetzeko beharra argudiatuz, bihar erreferentziazko ikastetxeetara itzuli beharko dutela jakinarazi die irakasle liberatuei.

Sailak adierazi du, halaber, ordezkapenetarako kontratatutako pertsonen kontratuei eutsiko zaiela, ordezko horiek ikastetxean egon daitezkeen beharrizanei erantzun ahal izateko.

Gauzak horrela, ELAk honakoa ondorioztatu du:

  • Seigarren olatu erdian, eta erabat aurreikusgarria izan zitekeen eskola itzulera konplikatuaren aurrean, Hezkuntza Saila erabateko inprobisazio eta planifikaziorik gabeko kudeaketa gauzatzen ari dela.

  • Hezkuntza Sailak IRALEko ikastaroak bertan behera uzteko erabakiak ez duela zerikusirik ordezkapenak betetzeko beharrarekin. Izan ere milaka irakasle baitaude oraindik ordezkapenak egiteko behin behineko zerrendetan kontratatuak izateko zain.

  • IRALErako liberazioak ordezkatzeko kontratatuak izan diren ordezkoak ikastetxean sor daiteken edozein estaldura beharretarako erabiltzeak, hots“komodin” lanak egiteko gela edota etapa desberdinetan zehar, ez da irtenbide egokiena. Ikastetxeko burbuilak apurtzea suposatu dezake osasun bermeak gutxituz. Honen atzean, kontratatu beharreko ordezko kopurua murrizteko helburua egon daiteke. Aukera hobea litzateke ordezko horiek errefortzu moduan erabiltzea baina ez gela edo etapa desberdinetan komodin gisa baizik eta burbuilak errespetatuz. Honek osasun berme gehiago eskainiko lituzke eta ordezko gehiagoren kontratazioa ekarriko luke.

  • IRALEko ikastaroetan irakasle lanetan diharduten behin behineko irakasleak ziurgabetasun egoeran uzten dituela; urtarrilak 28rarte kontratua mantenduko bazaie ere, data horretatik aurrera ez baitzaie ziurtatzen lana izango dutenik.

  • Euskalduntzeari eta euskarari inolako lehentasunik ez diola ematen hezkuntza sailak. Ordezkapenak betetzeko ordezko faltarik ez dagoenean IRALEko ikastaroak bertan behera uzteko erabakia ezin da bestela ulertu.

  • Hezkuntza sailak aldebakarreko erabakiak hartzen dituela langileen ordezkariokin inolako interlokuziorik gabe.

     

Gauzak horrela, ELAk eskaera zehatzak egin dizkio Jaurlaritzari: inprobisazioa albo batera uztea; IRALEko ikastaroak eta liberazioak berrezartzea, ordezko gisa kontratatuak izan diren ordezkoan mantentzeaz gain; osasuna bermatzeko beharrezko kontratazio guztiak gauzatzea; euskalduntzearen aldeko benetako apustua egitea; eta osasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu eta baliabideak jartzea.