EAEko Hezkuntzako langileen %60k egin du bat grebarekin

2022/12/14
Haurreskoletan eta Haur eta Lehen Hezkuntzan bereziki izan du eragina grebak. Milaka lagun batu dira Gasteizen, goizean, egindako manifestazioan, eta mobilizazioak egingo dituzte arratsaldeko 18:00etan EAEko hiriburuetan.

‘PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu’ lelopean, jarraipen oso zabala izaten ari da ELAk, STEILAS eta LAB sindikatuek Hezkuntza Legea langileekin eraikitzeko eskatzeko deitutako bigarren greba egunak. EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 30.000 langile baino gehiago daude grebara deituak: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak.

Jaurlaritzari mezu argia

Gaur goizean, Legebiltzar aurretik pasa eta Jaurlaritzari hainbat mezu helarazi nahi izan dizkiete langile eta sindikatuok:



• Plazaratu duten Hezkuntza Lege aurreproiektuari EZ esaten diogu.


• Hezkuntza Legean eta Hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dugu.


• Balizko hezkuntza legerik izango bada, langileokin eraikitakoa izango da.


• Eta publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema baten alde mobilizatzen jarraituko dugu.


Hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketak bultzatzen jarraituko dituzte sindikatuek. Egungo eredu duala gainditze bidean jarri eta lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartzeko premia baitago. Lege aurreproiektuaren zirriborroak ez ditu langileak asetzen eta ez du egungo hezkuntza eredu duala gainditze bidean jartzen. Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dute sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko.

Hamar aldarrikapen nagusiak

Aratsaldeko 18:00etan Gasteiz, Donostia eta Bilbon bilduko dira hezkuntzako langileak, azaroaren 30ean egin bezala, hamar aldarrikapen nagusiak defendatzeko. Honako hauek dira aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea.


2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea.


3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea.

4.- Hezkuntza lege propioa.


5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea.


6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea. 


7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea.


8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea. 


9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea.


10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituena.


Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.