GREBA HEZKUNTZA PUBLIKOA

EAEko irakasleak Donostian mobilizatu dira zazpigarren greba egunean

2025/03/27
Greba zikloaren 7. grebak jarraipen %75eko jarraipena izan du, aurreko deialdietan bezala.

Donostia bete dute EAEko hezkuntza publikoko irakasleek, STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako zazpigarren greba egunean. Aurreko deialdietan bezala, gaurkoan ere grebak jarraipen zabala izan du. Atzo, martxoak 26, Bilbo, Donostia eta Gasteizen milaka grebalari batu ziren Hezkuntza Sailari benetako negoziazioa eskatzeko; gaur, Gipuzkoako hiriburuan egin dute manifestazioa.

Sindikatuek berretsi dute Hezkuntza Sailak badakiela zein eduki jarri behar dituen mahai gainean gatazka gainditzeko; bere jarrera ordea, kexu dira, negoziazioa etetea izan da. Gauzak horrela, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzea eskatu diote Jaurlaritzari. Bide beretik, adierazi dute hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek aste honetan deitutako grebek jarraipen zabala izan dute; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan `Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!´ lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera: hezkuntzako irakasleen lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen ditu eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen ditu.

Zazpigarren greba egun honetan ere, mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

  • 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe.
  • Lan zamak arindu behar direla, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezarri behar dela, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatu behar dela, erosahalmena berreskuratu behar dela, eta lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
  • Ez bazaie aldarrikapen hauei erantzuten, grebekin jarraituko dutela.

Aste honetako grebei jarraipena emanez, datorren astean beste greba deialdi bi egin dituzte, apirilaren 1 eta 2rako, hezkuntza publikoko irakasleek kaleak betetzen jarrai ditzaten euren aldarrikapenak defendatzeko.