EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

EHU-k erretiroen arloan ezarri zituen murrizketak baliogabeak zirela berretsi du Auzitegi Gorenak

2024/10/16
2023ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion ELAri eta 2022an errektoretza-taldeak indargabetu zituen erretiro-akordioetako lan-jardunaldia murrizteko baldintzak eta erretiro-partziala berreskuratu behar zirela adierazi zuen. Auzitegi Gorenak sententzia hau berretsi egin du

2022ko urriaren 20an errektoretza-taldeak azken urteotako murrizketarik handienetako bat gauzatu zuen; aldebakarrez, erretiro primak aitzakiatzat hartuta, 2015etik indarrean zeuden erretiro-akordioak bertan behera utzi zituen, eskubide galera handiko erretiro baldintza berriak inposatuz.

ELAk, ekintza sindikalarekin batera, bide judizialari heldu eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Epaiaren arabera, “2025eko akordioak indarrean zeuden erabat” eta “ez ziren baldintzak betetzen administrazioak horiek aldebakarrez eteteko edo aldatzeko”. Beraz, sententziak adierazi zuen 2015eko akordioak indarrean zeudela (erretiro primei buruzko edukiak izan ezik), beste akordio bat eman ezean.

Errektoretza-taldeak, bere borondate murriztailea argi utzita, ez zuen sententzia hau ontzat eman eta Madrileko Auzitegi Gorenera errekurritu zuen. ELAk, halaber, langile laboralen primen eta ez-gaitasun primen ezabapena errekurritu zuen. Auzitegi Gorenak ez ditu errekurtsook onartu, hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia, bere hartan, irmoa da.

Bitarte honetan, aurtengo ekainean, errektoretza-taldeak eta gainerako sindikatu guztiek erretiro-akordio berri batzuk sinatu zituzten. ELAk ez zituen akordio hauek izenpetu oinarrizko eduki batzuk kanpo geratzen zirela eta, kasu batzuetan, 2015eko akordioetan aurreikusten ziren eskubideak murrizten zirela iritzita. ELAren ustez, beste sindikatuen partetik ez zen bulkada nahikorik eman negoziazio horietan eduki gehiago lortzeko. Galeraren beldurrez eduki minimoetako akordio batera iritsita, eskubideen murrizketa ontzat eman eta akordioa edozein momentutan baliogabetzeko aukera zabaldu zioten administrazioari.

Tamalez, epaiak 2015ko akordioa berrezartzeko finkatu zuen bidea, gainerako sindikatuen sinadurak itxi du. Ekainean adierazi bezala, ELAren ustez, aldeko sententzia honek eta pasa den ikasturteko greba dinamikak langileon posizioa indartzen zituzten ahalik eta edukirik onuragarrienak negoziatzeko. Baina, horretarako pultsoa mantendu beharra dago.

ELAk langile indarra eraikitzen eta sustatzen jarraituko du; sinetsita gaude hau dela bide bakarra etorkizuneko akordioak baldintzatu, administrazioaren borondatea aldatzera behartu eta eduki errealak lortzeko.