GARAIPENA AUZITEGIETAN
EHUk erretiroen arloan ezarri zituen murrizketak baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta Gobernu Kontseiluak iaz dekretu bidez aldebakarrez baliogabetu zituen erretiro eskubideak berreskuratu dira EHUn. Akordioak 2015ean lortu ziren ekintza sindikalari esker, eta langileek lan orduak murrizteko eta erretiro partziala hartzeko eskubidea dute berriro.
Zehazki, LPPetako langileentzako baimen bereziak, LPPetako langileen ordu murrizketa, irakasle eta ikertzaileen irakaskuntza zama murriztea eta erretiro partziala berreskuratu dira. Epaiaren arabera, “2015eko akordioak indarrean zeuden erabat”, eta “ez ziren betetzen baldintzak administrazioak horiek aldebakarrez eteteko edo aldatzeko”. Hori dela eta, indarrean jarraitu behar dute ordeztuko dituen beste akordio bat lortu arte. Erretiro sariei dagokienez, epaiak ondoriorik gabe uzten ditu, Auzitegi Gorenaren azken epaien arabera.
ELAk oso positibotzat jo du epai hori, UPV/EHUk bere langileei murrizketak ezarri nahi izan dizkiela erakusten baitu, negoziazio kolektiboa errespetatu gabe eta oposizio sindikalari eta plantillari kasurik egin gabe, Izan ere, langileak eskubide murrizketen aurka mobilizatu ziren.
ELAk iragarri du azken hilabeteetan UPV/EHUk aurrera eramandako murrizketen aurrean mobilizazioekin jarraituko duela, lan baldintza duinen alde borrokan eta, ondorioz, kalitatezko unibertsitate publiko baten alde.