EHU

Lan baldintza duinen alde: prekarizazio eta murrizketa gehiagorik ez!

2023/07/18
LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileon lan baldintzak okertzeko arriskuan daude, dagoeneko murrizketak jasan dituen ordezkapen politika are gehiago oker daiteke oraindik Ordezko irakasle kontzeptu berriarekin.

UPV/EHUk erabaki du jarduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla, lan hitzarmenaren eta araudiaren aurka eginez. Gauzak horrela, ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie, eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. 

Jokabide hau guztiz onartezina da. Badira irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak lanaldi osokoak izaten jarraitzeko, borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak. Ordezkapen politika honek irakasle eta ikertzaile guztiei lan balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina.

EHUk egiten duen Ordezko kontzeptuaren interpretazio hertsia eta mugatua da, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duenetik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
  4. Eusko Jaurlaritzari modu esanguratsuan gehitzea EHUri bideratutako finantziazioa lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko eta UPV/EHUko zuzendaritzari finantzazio gehigarri horren beharra adieraztea eta publikoki lan egitea haren alde.

Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko, ELA, LAB etaSTEILAS sindikatuok adierazten dugu mobilizazio dinamikak abiatu eta, negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik ezean, Greba deialdia egingo dugula irailetik aurrera, ikasturte berriaren hasierarekin batera.