HEZKUNTZA ETA EHU GARBIKUNTZA
ELAk mobilizazioak egin ditu azpikontratatutako garbikuntzako lan baldintza duinen alde
Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako Hezkuntza Saileko eta EHUko hiru campusetako 1.000 garbitzaileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur, azaroak 26, Bilbon, Gasteizen, Eibarren eta Donostian. Salatu dute 10 urteren ondoren negoziazio mahaiak erabat blokeatuta eta edukirik gabe jarraitzen duela.
Plantillak hitzarmenik gabe darama 2014tik, eta negoziazio mahaian 86 bilera egin diren arren, ez dago aurrerapenik. Mahai horretan, ELAk hainbat aldarrikapen eta proposamen plazaratu ditu, eta horien artean, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, lanaldi zatituaren plusa aitortzea eta lan kargak arautzea bermatuko duten formulak. Baina patronalak uko egin dio la kargak negoziatzeari, eta adierazi du ez dagoela prest soldataren inguruko proposamenik egiteko.
ELAk salatu du patronalak ez duela borondaterik gatazka konpontzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna ere salatu du, azpikontratazioa estrategia politiko gisa erabiltzen duelako garbiketa bezalako oinarrizko zerbitzu batek dakartzan kostu ekonomikoak murrizteko, eta langileen prekarietatearen kontura egiten duelako. Gainera, hamar urtean hitzarmena berritu ez izanaren arrazoia da, neurri batean, Eusko Jaurlaritzak ez duela gatazka konpontzeko borondaterik adierazi, zerbitzu horiek diru publikoarekin finantzatzen baitira.
Egoera horren aurrean, eta bizi eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko, ELA sindikatuak mobilizazioekin jarraituko du.