ELA da unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoan gehien hazi den sindikatua

2015/03/12
Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoan (irakasle funtzionarioak, lan-legepeko irakasleak eta heziketa berezia, lan-lepeko zerbitzuetako langileak, erlijio irakasleak) 208 ordezkari hautatu ziren, 2011an baino 20 gehiago. ELAk 57 ordezkari izan zituen, ordezkaritzaren %27,4, hau da, orain lau urte baino 9 ordezkari eta 1,9 puntu gehiago. ELA da ordezkaritzan gehien igo den sindikatua eta oraindik ere lehen sindikatua den LABekiko bere aldea erdira murriztu du, lau ordezkarira kokatuz.

Atzo burutu ziren EAEko Irakaskuntza Publikoko hauteskunde sindikalak. Hauteskunde hauetan Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko nahiz UPV/EHUko kolektibo ezberdinetako langileek bere ordezkariak hautatu zituzten (Gipuzkoako Lan-legepeko irakasle eta Heziketa Bereziko langileen bozketa eguna martxoaren 25era atzera da).

Guztira 300 ordezkari hautatu ziren, 208 unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan eta 92 UPV/EHUn. Duela lau urte baino 26 ordezkari gehiago. Horietatik ELAk 68 ordezkari lortu ditu, %22,7ko ordezkaritza, hau da, 2011an baino 7 ordezkari gehiago eta bere ordezkaritza 0,4 puntutan hobetu du. ELA izan da hauteskunde hauetan irakaskuntzako sindikatu nagusietatik, STEILASekin batera, ordezkaritzan gehien hazi den sindikatua. Honela, irakaskuntza publikoko bigarren sindikatu moduan bere postua sendotzen du LABekiko aldea 1,3 puntutan murriztuz.

Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoan (irakasle funtzionarioak, lan-legepeko irakasleak eta heziketa berezia, lan-lepeko zerbitzuetako langileak, erlijio irakasleak) 208 ordezkari hautatu dira, 2011an baino 20 gehiago. ELAk 57 ordezkari izan ditu, ordezkaritzaren %27,4, hau da, orain lau urte baino 9 ordezkari eta 1,9 puntu gehiago. ELA da ordezkaritzan gehien igo den sindikatua eta oraindik ere lehen sindikatua den LABekiko bere aldea erdira murriztu du, lau ordezkarira kokatuz.

Unibertsitatean berriz, UPV/EHUren sektore eta lurralde ezberdinetan eginiko bozketetan 92 ordezkari hautatu dira, orain lau urte baino 6 gehiago. ELAk 11 ordezkari lortu ditu, bi ordezkari galduz.

Emaitza hauek oraindik ere behin-behinekoak dira. Izan ere, bozken kontaketarekin arazo ezberdinak egon dira eta hainbat erreklamazio oraindik ebatzi gabe daude eta azken emaitza alda dezakete.

Bestalde, partehartzea sektore eta kolektibo ezberdinen artean ezberdina izan den arren, jaitsi egin da. Ziurrenik, Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan eta irakaskuntza publikoan negoziazio koletiboa desegin izanak eta zerbitzu publikoen eta bertako langileen aurka etengabe hartzen ari diren neurriek etsipena ere sortu dute. Edozein kasutan, etsipen egoera honi buelta eman, langileak boteretu, antolatu eta borroka indartzeko langileen parte-hartze aktiboa sendotzea izan behar da hurrengo urteetako sindikatuaren lanik nagusienetakoa.

Edozein kasutan, emaitzak hauek ELAk azken urte hauetan irakaskuntza publikoan eginiko lana, aldarrikapenak eta borroka indartzen dute eta agerian uzten dute espainiar estatutik nahiz jaurlaritzatik inposatzen ari dizkiguten murrizketa eta erreformen aurrean langileriaren aurkakotasuna eta gobernuen erabakien zilegitasunik eza.

ELAk egoera larri honen erdian hauteskunde sindikal hauetan parte hartu duten langile guztiak zoriontzen ditu eta ELAri babesa eman dietenak eskertu.

Jasotako babesak orain arte eginiko bidean sakontzeko gure konpromisoa berrestera garamatza. Zerbitzu publikoen eta euskal eskola publikoaren defentsan, hezkuntzan inbertsioa handitu, lanpostuak gehitu eta egonkortu, behin-behinekotasuna murriztu, lan-kargak arindu, murrizketei buelta eman, kalitateko hezkuntza garatzeko lan-baldintza bermatu eta ezinbestekoak diren baliabideak eta prestakuntza lortzeko lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa dugu.

Erronka handiak ditugu aurrean: hezkuntza sistema sakon kaltetzen ari diren murrizketa etengabeak alde batetik eta gure hezkuntza sistema goitik behera kontrolatu eta txikitzea helburu duen hezkuntza erreformak bestetik. Gaur jasotako babesarekin eta ikastetxe guztietako langileen, familien, ikasleen eta herritarren lana, antolakuntza eta borrokarekin ziur gaude aurre egingo diegula.