ELA gogor salatzen du Haurreskolak Partzuergoak hitzarmena urratzeko asmoa eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean inposaturiko murrizketak aplikatzeko erabakia

2012/02/03
ELArentzat onartezina da murrizketa berri hau eta Haurreskoletako langileak mobilizatzera deitzen ditu, murrizketa hauei aurre egin eta zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak defendatzeko

Pasa den urtarrilaren 12an Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatuok zuzendaritzari eskatu genion Haurreskoletako langileon lan baldintzetan eta zerbitzuan bertan murrizketa berriak inposatzearen mehatxuaren aurrean bere jarrera argi zezala.

Erantzuna pasa den ostiralean iritsi zitzaigun zuzendaritzak berriro ere hitzarmena urratu eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean inposaturiko murrizketa neurri berak aplikatzeko asmoa zuela esan zigunean.

ELArentzat oso larria da Haurreskolak Partzuergoa Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren erabakietan ezkutatzea murrizketa berriak inposatzeko, indarrean dagoen hitzarmena urratzeko eta honela Haurreskoletako langileen lan-baldintzak erasotu eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea kaltetzeko.

Modu berean, onartezina da partzuergoak soldatak bezalako gai garrantzitsuen negoziazioa Haurreskoletako langileengandik askoz ere urrunago dauden mahaietara eraman nahi izatea eta honela bere ardura ekidin eta langileen indarra eta borroka gaitasuna indargabetu nahi izatea.

ELAk Haurreskoletako langileen lan-baldintzak mahai sektorialean erabaki daitezela eskatzen du eta partzuergoaren zuzendaritza ez dadila bestelako esparruetan harturiko erabakietan ezkutatu inposatu nahi dituen murrizketak justifikatzeko.
Era berean, ELAk exijitzen dio Haurreskolak Partzuergoari indarrean dagoen hitzarmena errespeta dezala eta inposatu nahi dituen neurriak berehalakoan erretira ditzala. Euskal jendarteak ez du behar murrizketa handiagorik horren garrantzitsua den zerbitzu batean, 0-3 urte arteko hezkuntza proposamenaren garapen osoa baizik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza tarte honetara bideratzen duena baino askoz ere gehiago inbertituz.

ELAk Haurreskoletako langile guztiak deitzen ditu mobilizazio dinamikari berriro heltzera eta etengabeko eraso hauei aurre egitera. Modu berezian, datorren otsailaren 7an zerbitzu publikoetan eta hezkuntzan inposatzen ari diren murrizketak salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartuz eta otsailaren 9rako deituta dagoen 4 orduko lanuztean parte hartuz.

Mobilizazioa da errespeta gaitzaten bide bakarra!

Informatzena irakurtzeko egin klik hemen.