ELA, LAB eta STEILASek Haurreskolak Partzuergoari 2020-2021 ikasturtearen hasierarako prebentzio plangintza egitea, baliabideak handitzea eta ratioak murriztea eskatu diote

2020/06/16
Haurreskolak Partzuergoak ekainaren 16an sindikatuei aurkeztu dien kontingentzia eta prebentzio plana, ikasturtearen amaierarako pentsatuta dagoen plana da, testuinguru oso berezi batean kokatzen dena, ikusita haurren %15 baino ez direla itzuliko haurreskoletara ekaina eta uztailean zehar. Aldiz, irailerako, momentuz ez dago ezer planifikatuta, eta ez da aurreikusten prebentzio neurriek ekar dezaketen lan karga gehigarriei erantzungo dizkieten baliabiderik jartzea.

Sindikatuek enpresari hezitzaile-haur ratioak murrizteko eta baliabideak handitzeko proposamena negoziatzeko eskatu dioten arren, neurri hauek ezinbestekoak direlako berme pedagogikoekin eta ikasgela seguruetara 2020-2021 ikasturtean itzultzeko, ez dute baiezko erantzunik jaso.

Argi dago, beraz, enpresak apustua egin duela gastua izozteko eta Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari baliabide gehiago ez eskatzeko. Egoera honen aurrean, “enpresari eskatzen diogu irailean aurki ditzakegun egoera ezberdinetarako kontingentzia-planak sindikatuokin negoziatu ditzala, inprobisazio gehiago saihestuz, eta segurtasun neurriak indarrean jartzeko behar diren giza eta baliabide materialak jarriz”.