ELA pozten da Partaide eta LABek askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea urratzen zuen ikastoletako hitzarmeneko artikulua zuzendu izanaz
Abenduaren 2 eta 3an Partaide, EIB eta LABek ordura arte indarrean zirauen sektoreko hitzarmena aldatzen zuen akordioak sinatu zituzten. Akordioek azaroaren 26an Partaidek, EIBk eta LABek adosturiko edukiak finkatu eta nola gauzatuko diren zehazten zuten.
ELAk bere momentuan, baita ondoren ere, gogor kritikatu ditu akordioaren edukiak, ordura arte inposatzen ari ziren baina epaitegiek legez-kanpokotzat jo zituen murrizketak legeztatzen zituelako eta hitzarmeneko lan-baldintza finantziazio publikoari zuzenean lotzen zituelako modu berezian.
Edukiez haratago ordea, akordioa garatzeko Partaidek, EIBk eta LABek ez zuten hitzarmen berri bat adostu; horren ordez indarrean zegoena zenbait edukitan aldatu zuten. Besteak beste, honako hauetan:
- Hitzarmenaren sinatzaileek soilik osatzen duten Hitzarmena Interpretatzeko Batzorde Mistoa, Batzorde Parekide bihurtzen zuten; eta batzorde honi, negoziazio-mahaiari soilik negoziatu eta adostea dagozkien edukiak erabakitzeko ahalmena ematen zioten, eta ondorioz sektorean ordezkaritza nahikoa duten eta gai horien inguruan negoziatzea dagokion ELA sindikatua negoziazio prozesutik kanpo utziz.
- Aldatutako hitzarmenaren 49. artikuluak Batzorde Parekidearen esku jartzen zuen (hau da, hitzarmenaren sinatzaileen esku soilik) finantziazio publikoa murriztearen ondorioz soldatak ordaintzeko egon daitezken arazoei aurre egiteko neurriak. Hau da, Batzorde Parekidearen esku uzten zuen soldata-tauletatik desatxikimendua egiteko aukera eta murrizketak legezko moduan aplikatzeko. Eta hori bai orain baita etorkizunerako ere.
Hau honela, ELAk askatasun sindikala eta negoziazio eskubidea defendatzeko epaitegietara jotzea beste biderik ez zuen ikusi eta pasa den uztailaren 7an burutu zen EAEko Auzitegi Nagusian.
Epaiketan bertan lehen aldiz eta pasa den astean Partaiderekin izandako bileran sakonago, jakin zuen ELAk Partaide, EIB eta LABek ELAk juridikoki salatzen zituen puntuak epaiketaren aurretik zuzenduak izan zirela eta hasiera batean Batzorde Parekidearen esku jartzen ziren negoziazio kolektiboaren oinarrizko edukiak Mahai Negoziatzalearen esku geratzen direla.
ELA pozten da Partaide eta LABek askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea urratzen zuen ikastoletako hitzarmeneko artikulua zuzendu izanaz.
Edozein kasutan, ELAri oso arraroa eta prozedura aldetik onartezina iruditzen zaio abenduaren 18ko sinadura data duten eta sindikatuak behin eta berriro salatu dituen puntu horietan eman diren aldaketen inguruko inolako informaziorik jaso ez izana. Are gehiago, ELAk azken bileren aktak eta behin-betiko akordioak behin baino gehiagotan eskatu dituenean eta negoziazio mahaiko kide moduan informazio hori guztia inolako eskaerarik egin gabe eman behar zaionean.
Edozein kasutan, ELAk Partaide, EIB eta LABek adosturiko akordioaren edukiak txartzat jotzen dituen arren, ontzat ematen du gutxieneko arau demokratikoak berreskuratu izana.