Itunpeko eskolak
Hurrengo ikasturtean grebak indartuko dituzte sindikatuek patronalek urratsik egiten ez badute

Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako elkarretaratzeetan, ELAk, STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk itunpeko eskoletako gatazkan inplikatuta dauden aldeei -patronalei eta Eusko Jaurlaritzari- eskatu diete negoziazioak aktibatzeko eta Hitzarmena negoziatzeko baldintzak sortzeko. Sindikatuek diote patronalek ez dutela inongo pausorik eman apirilaren 25eko grebaren ostean; Hezkuntza Sailak, berriz, ez du adierazpenik egin. Sindikatuek deitoratu dute patronalek ez diotela jaramonik egin grebaren aurretik bidali zieten negoziazio eskaerari, eta aurreratu dute datorren ikasturtean interpelazioa, mobilizazioa eta greba dinamika indartu beharko dituztela. Are gehiago, baieztatu dute dagoeneko dinamika horietan lanean ari direla. Elkarretaratzeak Donostian egin dira, Kristau Eskola patronal nagusiaren egoitzaren aurrean; Bilboko Bizkaia plazan, hainbat eskolatatik gertu; eta Hezkuntzako ordezkaritzaren aurrean, Gasteizen.
Sindikatuen helburua da lanpostuak mantentzeko neurriak negoziatzea, lan kargak arintzea, sektore feminizatuenak eta prekarizatuenak hobetzea, KPIaren araberako soldata igoerak lortzea eta Lanbide Heziketako edukiak negoziatzea. Aldarrikapenen artean daude, halaber, euskara planak, berdintasun planak eta lan osasunari aurre egiteko planak; bereziki, arrisku psikosozialak.