ELA zuzen dabilela PAIren kritikan ikusi da Nafarroako Parlamentuko agerraldian

2015/11/03
Jakina den moduan ELAk PAIren kontrako helegitea egin zuen. Garaian aurkeztutako dokumentazioa eta egungo datuak ezagututa, ez dugu zalantzarik: Nafarroako Goi-Mailako Auzitegiak PAI legearen kontrakoa dela adieraziko du. Horrela gertatu zen Balear Irletan.

Gaurkoan Mendoza Hezkuntza Kontseilariak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin ostean, PAIren inposizioa edozein irizpide teknikoren kontra ezarri zela agerian gelditu da, ELAk behin eta berriro salatu duen bezala.

UPNk urteetan izkutatu zituen txostenek argia ikusi dute gaur. Ondorioztatu ahal direnak hurrengoak dira:

1. plantillak hankaz gora uzteaz gain, behar bereziak dituzten ikasleek pairatu dituztela kalterik nabarmenenak. Aniztasunaren trataera; berandu eskolatzen diren umeak eta errepikatzaileentzako ez baita PAI programan inongo baliabiderik.

2. hizkuntzetan adituak direnen txostenei muzin egin zitzaien, PAI inposatuz ezezko balorazioa zuten ikastetxeetan ere (inkluso ebaluaziorik ez zuten batzuetan ere). Jakina den moduan, 2014ko abuztuan PAIren ezarpena kudeatzen zuten teknikari guztiek dimisioa aurkeztu zioten Iribasi.

Hau guztia gertatu da eta erantzunkizuna handia duten askok Departamentuan ardura handiko karguak izaten jarraitzen dute: ikastetxe guztien funtzionamendua eta ebaluazioa bere esku zuen Ikuskaritza Zerbitzuko Zuzendaria zena egun Zuzendari Orokorra da. Bestetik, hizkuntza eta titulazio eskakizunak bete gabe, PAI programetan eskolak ematea posible egin zuen Giza Baliabide Zerbitzuko zuzendariak karguan jarraitzen du oraindik.

Jakina den moduan ELAk PAIren kontrako helegitea egin zuen. Garaian aurkeztutako dokumentazioa eta egungo datuak ezagututa, ez dugu zalantzarik: Nafarroako Goi-Mailako Auzitegiak PAI legearen kontrakoa dela adieraziko du. Horrela gertatu zen Balear Irletan.

ELAk Hezkuntza Departamentuari bere disposizio osoa agertzen dio, derrigorrezko ikasketak amaitu eta bertako zein atzerriko hizkuntzetan trebatuak izango diren ikasleak helburu izango dituen kalitatezko sistema eraikitzeko. Horrela jokatu baitugu beti: elkarrizketa laguntzaileen beharra azpimarkatu dugu; ratioak txikitzearena eta bikoizketak ezartzearena.