ELAk 3. eta 6. mailako azterketak eta LOMCEren ebaluazio sistema behin-betiko baztertzea eskatzen du

2016/02/04
Cristina Uriarte, Hezkuntza Sailburuak 3. mailako azterketak ikastetxe guztietan berretsi ditu eta 6. mailakoak atzeratu besterik ez ditu egin. Atzo Uriartek adierazitakoak agerian uzten du gobernuaren hezkuntza erreformarekiko mendekotasuna.

Beste behin ere Hezkuntza Sailburuak komunikabideen bitartez jakin arazi digu hezkuntza eragileoi eta hezkuntza komunitateari LOMCEren baitako 3. eta 6. mailako azterketen aurrean jaurlaritzak hartu duen erabakia.

Atzo Uriarte sailburuak adierazitakoak agerian uzten du gobernuaren hezkuntza erreformarekiko mendekotasuna. Jaurlaritzak berretsi egin du hezkuntza komunitatearen erabateko bazterketa izan duen 3. mailako azterketa modu orokortuan egitea eta 6 mailako azterketa ere onartu egiten du nahiz eta ezarpena datorren ikasturterako utzi nahi duen. Hau honela, agerian geratzen da Hezkuntza Sailak onartu eta bere egiten duela LOMCEren baitako ebaluazio sistema.

ELAren ustez, beste behin ere, onartezina da jaurlaritzaren jarrera hezkuntza erreforma basati honen aurrean. Azterketa hauek, iazko 3. mailako azterketetan agerian geratu zen moduan, LOMCEren ezarpen hutsak dira, jarraian inposatu nahi diren bigarren hezkuntzako eta batxillergoko errebaliden aurrerapena besterik ez dira.

LOMCEren baitako azterketa hauek gobernuen hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten die, hezkuntza zentralizatu eta kontrolatzea dute helburu eta sekulako inboluzioa suposatzen dute arlo pedagogikoan.

Azken urte eta hilabete luzeetan hezkuntza komunitateak argi utzi du azterketa hauen aurkako bere iritzia. Horregatik, ELAk Uriarte Sailburuari eskatzen dio familia, langile eta herritarren eskaerari kasu egin diezaiela eta azterketa hauek behin-betiko bertan behera utz ditzala.