Hezkuntzako Nazioarteko Sindikatuen Erakundea

ELAk 9. kongresuan parte hartu du uztailaren 11tik 13ra

2023/07/14
Kongresuan, azken 4 urteetan erakundeak egindako lana eta nagusiki pandemiak munduko herrialde desberdinetan hezkuntzan izan duen eragina partekatu dira. Erakundeak datozen urteetan jarraitu beharreko ildo nagusiak mahai gainean ere jarri dira. Halere, ebazpen nagusien eta hurrengo batzorde eragilearen hautaketa 2024ko uztailean, presentzialki gauzatuko den 10. kongresura atzeratzea erabaki da. Aurtengoa on line bidez egin da.

Kongresuko ondorio nagusiak hauek izan dira:

  • Pandemiak kalitatezko hezkuntza publiko indartsu, doako, eta inklusibo baten beharra utzi du agerian, munduko haur guztiek hezkuntza eskubidea bermatua izan dezaten pandemia, gudak, natura hondamendi edo bestelako salbuespenezko egoeretan ere.
  • Hori lortzeko behar beharrezkoa da gure herrialdeetako gobernu eta agintariei hezkuntza publikoan beharrezko inbertsioa egin dezaten galdegitea.
  • Ez da kalitatezko hezkuntza publikorik izango hezkuntzan lan egiten duten irakasle, hezitzaile eta gainerako langileek lan baldintza eta formazio egoki eta onik gabe.
  • Demokrazian, askatasun eta eskubideen errespetuan, genero berdintasunean eta etorkizun iraunkor batean oinarritutako gizarte eraikuntzarako ezinbestekoa da hezkuntzaren papera.