IMPLIKA

ELAk akordioa lortu du Implikan lanera itzultzeko eskubidearekin zein kalte ordain handiagoekin

2023/07/27
Implikako zuzendaritzak eta ELAk akordio bat lortu dute Implikako kaleratze kolektiboaren gatazkari amaiera emateko. Bilboko lantokian 89 langile kaleratu zituzten, eta 130 greba egun baino gehiago egin ondoren, enpresak hasiera batean proposatutakoak baino kalte ordain handiagoak eta borondatezko bajak onartu behar izan ditu, baita lanpostura itzultzeko aukera bermeekin ere, besteak beste. Langileek asanblean berretsi dute akordioa.

Gogora dezagun Implikak 150 langile baino gehiago kaleratu zituela apirilean, 89 Bilbon, enplegu erregulazioko espedientearen kontsultaldiaren ondoren. Epe horretan, zuzendaritzak 33 eguneko kalte ordaina proposatu zuen kaleratzeagatik, 12 hileko mugarekin. ELAk gehiengoa zuen EEEren negoziazio mahaian, eta Andaluziako eta Valentziako bi zentrotako ordezkaritzekin batera, proposamena baztertu zuten, EEEaren arrazoia egiaztatu ez zelako eta proposamena eskasa zelako. Gainera, zuzendaritzaren proposamenak ez zuen jasotzen kaleratzeak borondatezkoak izango zirenik. CCOOk enpresa proposamena onartu zuen, baina gutxiengoa zenez, kontsultaldia akordiorik gabe amaitu zen.

Une horretatik aurrera, ELA demanda prestatzen hasi zen, kaleratzeak baliogabetzeko eta enpresak Implika ahultzeko eta taldeko beste sozietateak indartzeko asmoa auzitara eramateko. Era berean, ELAk salatu zuen greba eskubidea urratu zela kontsulta epealdian.

Uztailean Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa ELAren ildoanizanik - Fiskaltzak ere babestu egin zituen ELAren alegazio asko-, enpresak negoziatu egin behar izan du. ELAk honako akordio hau lortu du, Auzitegi Nazionalean homologatua izan dena uztailak 26an:

- Kalte ordaina 45 egunekoa izango da lan egindako urte bakoitzeko, gehi 3.000 euro lineal langile bakoitzari. Kaleratzeak borondatezkoak izango dira.

- Langileek lanera itzultzeko eskubidea izango dute, 15 hilabeteko enplegu bermearekin (diziplinaz kanpoko kaleratze orok 40 eguneko kalte ordaina izango du, mugarik gabe).

- Lehen aipatutako kalte ordainekin (45 egun + 3.000 euro) sustatutako borondatezko irteerak egiteko aukera.

- Akordioak Estatuko lantoki guztietan du eragina.

ELAk balioa eman nahi dio Bilboko zentroetako langileen konpromisoari; izan ere, kaleratuak izan ondoren ere, euren eskubideen alde mobilizatzen aritu dira. Halaber, eskerrak eman nahi dizkie Estatuko lantokietako ordezkariei (Andaluzia, Valentzia, Madril, Murtzia, Alacant eta Zaragoza), ELAri emandako babesagatik eta konfiantzagatik, eta bat egiteagatik borroka sindikal eta juridikoarekin bakarrik lor daitekeela akordio egoki bat.