HEZKUNTZA PUBLIKOA
ELAk akordioaren sinatzaileak animatu ditu euren sinadura atzera botatzera eta greba berriz aktibatzera

ELAk Steilas, LAB, Interinok, CCOO eta UGT animatu ditu EAEko hezkuntza publikoko akordioan atzera egitera, irakaskuntza publikoko irakasleekin aldarrikapenak adostera eta horiek defendatzeko grebak deitzera.
Maiatzaren 9an, Steilas, LAB, Interinok, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa sinatu zuten EAEko Hezkuntza Sailarekin. Akordio hori 9 greba egun arrakastatsuren ondoren sinatu zuten eta amaiera eman zion azken urteetan Hezkuntza Publikoan emandako borroka handienari. Akordioa maiatzerako beste 5 greba eguneko deialdiaren bezperan sinatu zen.
Lehen momentutik ELAk salatu zuen gainerako sindikatuek sinatutako akordioak gabezia nabarmenak zituela, hala nola: ratio jaitsiera sinbolikoa, erosahalmenaren berreskurapen eza, behin-behinekotasuna betikotzea edota lan osasunari beharreko arreta ez ematea.
Gobernuak eta sindikatu sinatzaileetako batzuk akordioa historikotzat jo zuten arren, langile asko adierazi zuten ez zeudela ados sinatutakoarekin, eta hala baieztatu zuten ehunka batzar eta idatzitan.
Edukiei dagokienez, ELAk gogorarazi du hainbat neurrik ez dutela xehetasunik eta betekizun eperik. Horietan azpimarragarriena da giza-baliabideen gehikuntzaren dimentsioaren zehaztapen eza. Bermeek berebiziko garrantzia zuten; izan ere, azken urteetan etengabean errepikatu dira Hezkuntza Sailaren interpretazio murriztaileak.
“Hala ere, gainerako sindikatuek baldintza horietan sinatzea erabaki zuten eta grebarako prest zauden milaka langileren borroka itzali zuten”, kexu da ELA.
Aurrekoaren adierazgarri da, dio sindikatuak, akordioa sinatu eta hilabete eskasera, Eusko Jaurlaritza ari dela interpretazio murriztaileak aplikatzen eta argi dauden zenbait punturen aplikazioa oztopotzen. Egoera horren aurrean, sindikatu sinatzaileetako batek, LABek, bi ordu lanuztea deitu berri du. ELArentzat, ordea, ez da nahikoa, eta grebarako prest agertu da.