ELAk azaroaren 28an LOMCE eta Heziberriri aurre egin eta gure hezkuntza eraikitzen jarraitzera deitzen du

Madrilen LOMCE onartu zenetik bigarren ikasturtea dugu hau. Gasteizko eta Iruñeako gobernuek hezkuntza erreforma basati honi men egin eta ateak ireki dizkioten arren asko gara azken urteetan aurre egiten saiatzen ari garen eskola, sindikatu, hezkuntza eragile, espreski sorturiko plataformak eta herritarrak.
Hezkuntza erreforma honek gure eskoletako ikasle, guraso, langile eta herritarrek dituzten beharrak ez asetzeaz gain gure hezkuntza sistema osoa hankaz gora jartzen du: Madrilen menpeko eduki eta pedagogia atzerakoiak, berdintasunik eza eta ikasleen segregazioa, ekonomia neoliberalaren eta interes pribatuen baitako hezkuntzaren ikuspegi merkantilista eta Madrilgo gobernuaren erabateko kontrolerako bitartekoak.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak LOMCE ezartzen ari dira.
Aurre egiteko antolatu eta alternatiba eraikitzea gure esku ere badago.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak inola ere ez dituzte tamainako eraso honi aurre egiteko neurriak hartu. Uriarte sailburuak erreforma bere edukirik larrienetan onartu eta ezartzen duen Heziberri egitasmoa jarri du abian. Nafarroako Gobernuak berriz, Iribasen eskuetan erreforma ezartzen abangoardia izan ondoren, Mendozaren aginduetara oraindik ez du inolako atzera pausorik eman, ez LOMCEren ezarpenean ezta murrizketak desegiten ere, eta lege organiko batek ezartzen dizkion mugetan aritzea onartu du.
Hau honela, hezkuntza erreforma honi nahiz Madrildik datozkigun erasoei aurre egin eta gure hezkuntza sistema berdintasunean, kritikotasunean, pertsona eta jendartearen garapen integralean eraikitzen jarraitu nahi badugu hezkuntza komunitatea elkartu, antolatu eta bide honetan pausoak ematea beste biderik ez dugu.
Horregatik, ELAk bat egiten du azaroaren 28an Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitu dituen mobilizazioekin eta dei egiten die bere afiliatuei, hezkuntza komunitateari eta euskal jendarteari bertan parte hartzera. Gasteiz eta Iruñeako gobernuei LOMCE eta Heziberriren ezarpena eten eta eraso basati honi aurre egin diezaioten exijitzen diogu eta hezkuntza komunitateari eta euskal jendarteari dei egiten diogu erreformari aurre egiten jarrai eta gure herrian behar eta nahi dugun hezkuntzaren eraikuntzan pausoak eman ditzagun.
-
Iruñea: 11:45etan Biurdana Institutuan (10:00etan batzar irekia)
-
Gasteiz: 17:00etan Foru plazan
-
Donostia: 17:00etan Bulebarrean
-
Bilbo: 17:00etan Zabalburu plazan
Informazio gehiago eta haibat material ondorengo helbidean: http://hezkuntzaplataformentopagunea.blogspot.com.es/p/azaroak-28.html